Itxi

Txirrindularitza

Poloniako Itzulia

Jakobseni aurpegian ebakuntza egin diote eta "egonkor dago, momentuz"

Agentziak | Erredakzioa

Deceunick-Quick Step taldeak aditzera eman bezala, medikuak "txirrindularia esnatzen saiatuko dira". Jakobsen koma induzituan dago Poloniako Tourrean izandako erorikoaren harira.

  • Fabio Jakobsen, istripua izandako egunean ateratako argazkian

    Fabio Jakobsen, istripua izandako egunean ateratako argazkian. Iturria: Efe.

Fabio Jakobsen txirrindulari herbeheretarrari ebakuntza egin zioten bart aurpegian eta "egonkor dago, momentuz", Deceunick-Quick Step taldeak hedabideei aditzera emandakoaren arabera. Jakobsenek eroriko larria izan zuen asteazkenean, Poloniako Tourreko lehen etapako azken esprintean.

“Fabio Jakobseni ebakuntza egin zioten bart aurpegian. Momentuz, bere egoera egonkorra da, eta medikuak gaur bertan saiatuko dira bera esnatzen”, azaldu dute oharrean.

Hasiera batean, eta istripuaren ostean, taldeak adierazi zuen osasun azterketan Jakobsenek ez zuela buruko eta bizkarrezurreko lesiorik, baina bere egoeraren ondorioz induzitutako koman zegoela Wojewóódzki Szpitalen, Ktowice hirian.

Istripuan, Jakobsenek kolpe oso larria hartu zuen buruan eta odol asko galdu zuen, Barbara Jerschinak, Jakobsen lehen momentuan artatu zuen medikuak, osasun arduradun poloniarrei esandakoaren arabera.

Groenewegenek Twitterren hitz egin du

Jakobsenen erorikoa eragin zuen Dylan Groenewegen (Jumbo-Visma) herbeheretarrak Twitterren esan du hitzik ez duela sentitzen duena adierazteko.

"Gorrotoa diot atzo gertatutakoari. Ez dut hitzik aurkitzen Fabiori eta eroritako gainontzeko txirrindulariei gertatutakoa zenbat sentitzen dudan adierazteko. Momentuz, Fabioren osasuna da garrantzitsuena. Nire pentsamenduak bererakin daude, uneoro", esan du txirrindulariak Twitterreko kontu pertsonalean.