Itxi

Txirrindularitza

Hungariako Itzulia

Jon Aberasturi Hungariako Itzuliko lider jarri da, lehenengo etapa irabazita

Agentziak | Erredakzioa

Arabarrak denboraldi honetan lortzen duen lehen garaipena da.

  • Jon Aberasturi

    Jon Aberasturi. Argazkia: Efe.

Jon Aberasturi (Caja-Rural) Hungariako Itzuliko lehen liderra da, lehen etapa irabazi ostean. Guztira, 118 kilometroko ibilbidea egin dute txirrindulariek Esztergom herrian hasi eta bukatuta.

31 urteko gasteiztarra esprintean gailendu da Kaden Groves australiarraren (Mitchelton-Scott) eta Adam Toupalík txekiarraren (Elkov-Kasper) aurretik. Tropela denbora berean sartu da: 2 ordu, 48 minutu eta 4 segundo.

Aberasturik denboraldi honetan lortzen duen lehenengo garaipena da. Arabarra Europako Txapelketetako Espainiako taldean izan da, errepideko proban, eta iaz Getxoko Zirkuitua eta Burgoseko Itzuliko etapa bat irabazi zituen.

10 lagunek osatutako ihesaldia izan da eguneko protagonistetako bat, baina azken kilometroetan tropel nagusiak harrapatu ditu. Helmugarako hiru kilometroren faltan,  Antwan Tolhoek herbeheretarrak (Jumbo-Visma) erasoa jo du, indartsu, baina Kaden Grovesek (Mitchelton-Scott) harrapatu egin du. Australiarrak eskura izan du garaipena, baina azken metroetan Aberasturik gainditu du.

Igandean bigarren etapa jokatuko dute, 158 kilometrokoa, Debrecen eta Hajdúszoboszló artean, ibilbide lauarekin.