Txirrindularitza
Datorren urriaren 20an
Landa ez da Espainiako Itzulian izango, Bahrain taldeko zuzendariak iragarri duenez
eitb.eus
Era berean, Pello Bilbao Giroko "sailkapen nagusian goian" mantentzea espero du, eta ahal izanez gero, "lasterketa irabaztea".
-
Mikel Landa Tourrean. Argazkia: EFE
Rod Ellingworth Bahrain McLaren taldeko zuzendariak iragarri duenez, Mikel Landa Murgiako (Araba) txirrindulariak ez du parte hartuko urriaren 20an Irunen hasiko den Espainiako Itzulian.
Italiako Giroko 8. etapako irteeran, Ellingworthek zenbait adierazpen egin zituen, gerora Cyclingnews webgune espezializatuak jaso zituenak. Aditzera eman zuen bezala, Matej Mohoric, Wout Poels eta Dylan Teuns izango dira Espainiako Itzuliko talde buruak, eta honakoa gaineratu zuen: "Espainiako Itzulian parte hartzea ez da inoiz Mikelen planen artean egon". Beraz, Frantziako Tourra izango da txirrindulari arabarrak aurtengo denboraldian korrituko duen itzuli handi bakarra (laugarren tokian amaitu zuen bertan).
Bestalde, Pello Bilbaok orain arte Giroan egin duen lanari buruz, Ellingworthek "oso ondo" ikusten du Gernikako txirrindularia. Bahraingo zuzendariaren esanetan, Bilbaoren helburu nagusia "sailkapen nagusian goian mantentzea" da, eta, egoerak posible egiten badu, "lasterketa irabaztea".
Azkenik, taldeko managerrak gaineratu du laudoriozko hitzak baino ez dituela Bilbok Giroarekiko izan zuen jarreragatik, eta txirrindulari bizkaitarra "mundu mailakoa" dela adierazi du, "10etik 10ekoa".