Itxi

Txirrindularitza

17. etapa

Gaudu nagusi La Covatillan, Ion Izagirre hirugarren, eta Roglic Vueltako garaile

Agentziak | Erredakzioa

Richard Carapaz sailkapen nagusiko bigarren sailkatuak eraso egin du helmugarako lau kilometrora baina 20 segundo bakarrik jan dizkio Roglici eta ezin izan dio lidergoa kendu.

1:21
David Gaudu

David Gaudu frantziarra (Groupama FDJ) gailendu da Espainiako Itzuliko 17. etapan. Ibilbideak 178,2 kilometro izan ditu Sequeros eta La Covatilla mendatearen artean. Sailkapen nagusian, Primoz Roglicek lidergoari eutsi dio 25 segundogatik, Richard Carapazek eraso egin ostean.  

Gaudu frantziarrarentzat bigarren etapa garaipena izan da aurtengo Vueltan, aurretik La Ferraponan irabazi zuelako. La Covatillako helmugan bera bakarrik sartu da lau ordu, 54 minutu eta 32 segundoko denborarekin, batez beste orduko 36,3 kilometro eginda. Ion Izagirre hirugarren izan da, minutu eta 28 segundora.

Faboritoen taldean, Richard Carapazek erasoa jo du helmugarako lau kilometrora eta Roglic liderra atzean uztea lortu du, baina ezin izan du sailkapenean izan duen 45 segundoko aldea irauli eta azkenean 20 bakarrik kendu dizkio.

Ondorioz, eta dena aurreikusi bezala joanez gero, Primoz Roglicek bere bigarren Espainiako Itzulia irabaziko du, jarraian, igande honetan. Carapaz ta Hugh Carthy ondoan izango ditu azken podiumean.

Igandean 18. eta azken etapa jokatuko dute, Madrilen, 139,6 kilometroko ibilbidearekin. Zarzuelako Zalditegian hasiko da eta Cibeles Plazan amaitu, Madrileko hirigunean.