Txirrindularitza
ALPEETAKO TOURRA (3. ETAPA)
Brambilla italiarrak azken etapa eta lasterketa bereganatu ditu
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Trek-Segafredo taldeko kideak lau urte zeramatzan garaipenik lortu gabe. Gorka Izagirre ormaiztegiarrak hamabigarren bukatu du sailkapen nagusian.
-
Gianluca Brambilla. Argazkia: EFE
Gianluca Brambilla (Trek Segafredo) italiarrak irabazi du Itsas Alpeetako Tourreko hirugarren eta azken etapa, Col de la Madoneko igoeran egindako eraso gogor batekin. Hala, Trekeko txirrindularia bakarka sartu da Blausasceko helmugan (136 km). Hamahiru segundoko tartea atera die bere atzetik heldu direnei, eta abantaila horrek lasterketa bereganatzea ahalbidetu dio.
Brambillak (33 urte) ia lau urte zeramatzan etaparik irabazi gabe, hau da, 2016ko Espainiako Vueltako hamabosgarren jardunaldia irabazi zuenetik, hain zuzen ere. Hala, Col de la Madone mendateko igoeran jotako erasoaldi gogor batekin eten du lehorte hori. Madonekoa igandeko ibilbideak zeukan 1. mailako hiru igoeretako azkena izan da. Helmugatik 26 kilometrora zegoen, eta bere aldapa gogorretan egin die eraso berarekin batera zeuden iheslariei. Valentin Madouas (Groupama-FDJ) frantziarra izan da italiarrari gehien eutsi diona, baina amore eman du amaieratik 11 kilometrora.
Brambillak hemeretzigarren postuan ekin dio azken etapari, Michael Woods (Israel Start-Up Nation) liderrarengandik 13 segundora, eta beste horrenbesteko aldea atera die bere ostean sartu den taldetxoko kideei: Geoghegan Hart britainiarra (Ineos Grenadis), Ben O’Connor australiarra (AG2R Citroën Team), Rudy Molard (Groupama-FDJ) frantziarra eta Madouas.
Ondoren, 18 segundora, bost txirrindulariko talde bat iritsi da, eta bertan zeuden, besteak beste, Woods, Mollema eta Nairo Quintana kolonbiarra (Arkea Samsic). Alde horri esker lortu du Brambillak itzulia irabaztea.
Horrenbestez, sailkapen nagusian, Brambillak bost segundo atera dizkio Woodsi, eta sei Mollemari, bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren. Nairo Quintanak bederatzigarren postuan bukatu du, 18 segundora. Gorka Izagirre ormaiztegiarra, berriz, (Astana-Premier Tech) hamabigarrena izan da lasterketa amaiera, 2:13ra.