Itxi

Txirrindularitza

Bilbo, abiapuntua

Frantziako Tourra Bilbotik abiatuko da 2023an

EITB MEDIA

Munduko lasterketarik prestigiotsuenak Bizkaiko hiriburuan izango du irteera 2023an. Tourra euskal errepideetara bueltatuko da.

Bilboko helmuga

EITB Mediak jakin duenez, Frantziako Tourra Bilbotik abiatuko da 2023an. Ondorioz, lasterketa frantziarra Euskal Herrira bueltatuko da. Munduko txirrindularitza itzulirik onena berriro ikusi ahalko da euskal errepideetatik, 1992. urtean gertatu zen bezala.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendariak gaur aurkeztuko dute "Tour de France: Grand Départ Pays Basque 2023", Guggenheim Museoan, 12:00etan. Lehendakariaz eta Tourreko zuzendariaz gain, ekitaldian egongo dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ahaldun nagusiak, baita Bilboko alkatea eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua ere.

Hartara, EITB Mediako hedabideek jarraipen zabala egingo diote Euskal Herrian jokatuko den etapari. Egun horretako etapa ez ezik, 2023ko Tourreko gainerako etapak ere izango da ikusgai EITBn, zuzen-zuzenean.

1992an, Donostiak hartu zuen Frantziako Tourreko irteera. Uztailaren 4an egin zen erlojupeko hura 8 kilometroko atarikoa izan zen, eta, bertan, Miguel Indurain (Banesto) azkena atera zen, horiz jantzita, eta etapa irabazi zuen, erakustaldia eginez. Alex Zulle (ONCE) izan zen bigarren eta Thierry Marie (Castorama) hirugarren.

Hurrengo egunean ere, Donostiatik atera zen bigarren etapa, eta Dominique Arnould (Castorama) txirrindulariak lortu zuen garaipena. Uztailaren 6an, hirugarren jardunaldia ere Gipuzkoako hiriburutik irten zen Pirinio bidean.

Hauek dira lehen egun horretako irudiak: