Itxi

Txirrindularitza

Romandiako Tourra (4. etapa)

Etapa eta lidergoa Woodsentzat, Thomasen zoritxarraren ostean

A. A. | EITB MEDIA

Michael Woods kanadarrak irabazi du etapa nagusia, Geraint Thomas galestarra lurrera joan eta gero.

  • Michael Woodsek irabazi du etapa, Geraint Thomasen erorikoaren ondoren.

    Michael Woodsek irabazi du etapa, Geraint Thomasen erorikoaren ondoren. Argazkia: EFE

Michael Woods kanadarrak (Israel Start-Up Nation) Geraint Thomas britainiarrari (Ineos) nagusitu zaio esprintean Romandiako Tourreko etapa nagusian (162 kilometro Sion eta Thyon 2000 artean), eta, bide batez, Marc Solerri (Movistar) lidergoa kentzeko balio izan dio.

Woodsek bere ibilbide profesinaleko zortzigarren garaipena lortu du Thomas gaindituta, zeinarekin faboritoen taldeari aurrea hartu dion etapa amaitzeko bi kilometroren faltan. Alabaina, galestarra lurrera joan da esprinta lehiatzen ari zela, eta, azkenerako, Ben O 'Connor (AG2R) australiarra helmugaratu da bigarren tokian, irabazlearengandik 17 segundora. Thomas hirugarren izan da, 21 segundora.

Ostiraleko etapa bereganatu ostean liderraren elastikoa zeraman Soler bederatzigarren postuan helmugaratu da, Woodsengandik 53 segundora. Hartara, kanadarra da lider berria, eta 11 segundoko aldea du Thomasekiko; 21ekoa, O'Connorrekiko eta 33koa, Solerrekiko.

Etapa hasi eta berehala, 3. mailako Chamoson mendatearen igoeran, zazpi txirrindulariko ihesaldia sortu da. Bertan zeuden Josef Cerny (Deceuninck), Mads Würtz (Israel), Kobe Goossens eta Matthew Holmes (Lotto), Magnus Cort (EF Education), Simone Petilli (Wanty) eta Simon Pellaud (Androni).

Atzean, Movistarrek tropela kontrolpean zuen, Solerren lidergoa defendatzeko. Anzereko tontorretik (etapako 45. kilometroa), iheslariek 6 minutuko abantailarekin igaro dira, Suengo igoerara bitarteko 40 kilometro lauei aurre egin ahal izateko.

Euri zaparrada handi batek Suengo jaitsiera baliogabetzea behartu du lasterketako zuzendaria, eta iheslariek bost  minututik gorako abantailarekin ekin diote azken mendateko aldapa gogorrei (Thyon 2000, maila berezia, 20,7 kilometro eta % 7,6ko bataz besteko aldapak).

Cort eta Petillik aurrea hartu diete iheskideei, eta tontorretik 10 kilometrora 4 minututik gorako errenta zuten lehen taldearekiko. Handik gutxira, italiarrak ezin izan du daniarraren gurpila jarraitu.

Lainopean, Marc Soler liderra bakarrik geratu da Geraint Thomas eta Richie Porte Ineos taldeko buruzagien aurrean.

Soler ez da kikildu, eta erasoa jo du helmugatik 6 kilometrora, baina ez du asko iraun ihes eginda; izan ere, tropelak berehala harrapatu ditu lehendabizi bera eta, ondoren Cort. Ordutik aurrera eraso-kolpe ugari izan dira aurreko taldean, eta azkenaurreko kilometroan Thomas eta Woods bakarrik geratu dira.

Kanadarra helmugatik 150 metrora hasi da esprintatzen eta une horretantxe Thomasek erorikoa izan du, eta Israel taldeko txirrindulariak ez du oztoporik izan helmuga marratik lehen postuan pasatzeko.

Romandiako Itzulia igande honetan amaituko da Friburgon, 16,2 kilometroko erlojupeko batekin. Ibilbidean zehar txirrindulariek 800 metroko arrapala gogor bati egin beharko diote aurre, ehuneko 13ko bataz bestekoa duena.