Itxi

Txirrindularitza

7. etapa

Padun ukrainarra garaile La Plagnen; Richie Porte da lider berria

A. A. | EITB MEDIA

Bahrain taldeko ukrainarra bera bakarrik helmugaratu da goi mendiko lehen jardunaldian. Ondoren, Porte sartu da 34 segundora, eta elastiko horia eskuratu du Astana taldekoen egun txarra baliatuta.

22:39
Mark Padun La Plagneko helmugan sartzen

Mark Padun (Bahrain Victorious) ukrainarrak irabazi du Dauphineko zazpigarren etapa, Saint-Martin-Le-Vinoux eta La Plagne artean jokatu dena (171,5 kilometro). Richie Porte (Ineos) australiarra jarri da sailkapen nagusiko lehen tokian.

Padun (24 urte), eguneko ihesaldiko kidea, bera bakarrik sartu da La Plagneko tontorrean kokatuta zegoen helmugan, eta World Tourreko lehen garaipena erdietsi du bertan.Irabazlearen ostean Porte (Ineos) sartu da,  34 segundora, eta haren atzetik Miguel Angel "Superman" Lopez (Movistar) kolonbiarra 43 segundora.

Alexey Lutsenko (Astana) kazakhstandarrak minutu bat galdu du helmugan, eta, ondorioz, Portek bereganatu du liderraren elastiko horia. Bien artean 17 segundoko aldea dago orain sailkapenean. Geraint Thomas (Ineos) dago hirugarren tokian, 29 segundora, eta Lopez kolonbiarra, aldiz, seigarren, 38ra.

Bere aldetik, Ion Izagirre ormaiztegiarra (Astana) hamaseigarren postuan sartu da larunbat honetako etapan, eta sailkapeneko zazpigarren postura jaitsi da, liderrarengandik 38 segundora ere.

Igandean, Dauphineko zortzigarren eta azken etapa korrituko da, 147 kilometrokoa, La Léchère-Les-Bains eta Les Gets artean. Ibilbidean zehar sei mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, tartean, La Colombière (1. mailakoa, 11,7 km eta %5,8) eta Joux Plane (Berezia, 11,6 km eta %8,5) mendateen arteko ibilbidea. Lasterketa erabakitzeko azken aukera.

Etapako sailkapena:

1 - PADUN Mark (Bahrain) 4:35:07

2 - PORTE Richie (INEOS) +0:34

3 - LÓPEZ Miguel Ángel (Movistar) +0:43

4 - HAIG Jack (Bahrain) d.b.

5 - O'CONNOR Ben (AG2R) +0:47

6 - KUSS Sepp (Jumbo) +0:52

7 - GAUDU David (Groupama) +0:56

8 - MAS Enric (Movistar) d.b.

9 - THOMAS Geraint (INEOS) +0:59

10 - LUTSENKO Alexey (Astana) +1:00

-------------------------------------------

Sailkapen nagusia:

1 - PORTE Richie (INEOS) 25:28:06

2 - LUTSENKO Alexey (Astana) +0:17

3 - THOMAS Geraint (INEOS) +0:29

4 - KELDERMAN Wilco (BORA) +0:33

5 - HAIG Jack (Bahrain) +0:34

6 - LÓPEZ Miguel Ángel (Movistar) +0:38

7 - IZAGIRRE Ion (Astana) d.b.

8 - O'CONNOR Ben (AG2R) +1:00

9 - GAUDU David (Groupama) +1:12

10 - PARET-PEINTRE Aurélien (AG2R) +1:17