Publizitatea
Itxi

2021/07/23

14:47

Txirrindularitza

Tokio 2020

Fuji mendi mitikoak, Japoniako sabaiak, Izagirre anaiak eta Omar Fraile estutuko ditu

Agentziak | EiTB Media

Lasterketa oso gogorra aurreikusi du Ion Izagirrek. "Ez da estrategia askorik beharko, kanporatze lasterketa izango baita; garrantzitsuena aurrealdean egotea eta ongi hidratatzea izango da, azken tartean osorik egoteko", adierazi du.

  • Omar Fraile santurtziarra Frantziako Tourrean. Artxiboko irudia: EiTB Media

    Omar Fraile santurtziarra Frantziako Tourrean. Artxiboko irudia: EiTB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Fuji mendiak, Japoniako toki sakratuetako batek, Tadej Pogacar esloveniarra, Frantziako Tourraren irabazlea, Van Aerten eta Evenepoelen Belgika, Uranen eta Quintanaren Kolonbia eta Alejandro Valverde murtziarra neurtuko ditu. Haren bosgarren Olinpiar Jokoetan, Ion eta Gorka Izagirreren eta Omar Fraileren laguntza izango du Valverdek.

Lasterketa oso gogorra aurreikusi du Ion Izagirrek. "Ez da estrategia askorik beharko, kanporatze lasterketa izango baita; garrantzitsuena aurrealdean egotea eta ongi hidratatzea izango da, azken tartean osorik egoteko", adierazi du.

Fuji mendi mitikoa, Japoniako sabaia, igotzeaz gain, ibilbideko mendaterik gogorrena Mikuni Pass izango da. "Ikusi dugu, Mortiroloren antza du, laburragoa, baina oso gogorra da, eta errepide izurrarekin tarte askotan", azaldu du Ormaiztegiko (Gipuzkoa) txirrindulariak.

Ion Izagirre, Mikuni Pass mendateaz: "Ikusi dugu, Mortiroloren antza du"

"Aurrealdean egon beharko gara, eta garrantzitsuena lasterketari aurpegirik ez galtzea izango da, hautaketa egingo da, eta gu hor izan beharko gara. Eta talde txiki batean Bala-k garaipena lor dezake, hark duen esprintagatik", esan du.

Bertako girora moldatu direla uste du Izagirrek. "Egun batzuk izan ditugu, hobeto sentitu gara. Gorputz bakoitza mundu bat da, baina ilusio eta gogo handiarekin gaude guztiak, eta Tourretik etorri garenok gorputzaldi oso onean gaude , eta larunbatekoa lasterketa polita izango dela uste dut", iragarri du.

Era berean, Alejandro Valverde taldeburuak proba "oso gogorra" izango dela azpimarratu du. Estrategia lasterketa baino gehiago, "kanporatze" proba izango dela uste du txirrindulari murtziarrak.

Ibilbide gogorra, beroa eta hezetasuna

Gizonezkoen ibilbideak 234 kilometro izango ditu, Tokioko Musashinonomori parketik Fuji mendiaren inguruetara, nazioarteko automobilismo zirkuituan amaitzeko, mendiaren magalean bertan.

Helmugara heltzeko, txirrindulariek bost igoera gainditu beharko dituzte, 60 bat kilometro oso lauak atzean utzi ondoren. Aurreneko biek, Doshik eta Kagosakak, ez dute aparteko zailtasunik. Fuji Sanroku, ordea, 14,3 kilometroko igoera da, % 6ko batez bestekoarekin, helmugatik 90 bat kilometrora.

Jaitsiera luze baten ondoren, azken 30 kilometroetan mugimendu asko espero dira. Mikuni mendatea urrunetik saiatu nahi diren eskalatzaileentzako toki aproposa da. Igoerak 10 kilometro inguru ditu, % 10-15eko aldapekin. Kagosaka igo ondoren, 15 bat kilometroko jaitsiera batek txirrindulariak Fujiko abiadura zirkuituan utziko ditu. Automobilismo zirkuituak aldapa txiki bat du.

Ibilbidea giro itogarrian egin beharko dute txirrindulariek, tenperatura altuek eta hezetasun handiak baldintzaturik. Ondorioz, hidratazioa erabakigarria izango da. Bestalde, txirrindulariek ez dute hautatzaileen aholkurik edo agindurik jasoko, entzungailurik erabiliko ez dutelako. Euriak ere zeresana eman dezake lasterketan zehar.

 

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;