Itxi

Txirrindularitza

Irailaren 5 arte

Roglic eta Bernal faborito nagusi, hastear den Espainiako Itzulian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Tadej Pogacar Tourreko irabazlea ez dago parte-hartzaileen artean, baina bai Mikel Landa, Enric Mas eta Miguel Angel Lopez, besteak beste. Ibilbidean erlojupeko bi saio eta mendateetan kokatutako 8 helmuga.

  • 2020ko Espainiako Itzuliko tropela

    2020ko Espainiako Itzuliko tropela. Argazkia: Efe.

Primoz Roglic (Jumbo Visma) esloveniarra eta azken bi edizioetako irabazlea eta Egan Bernal (Ineos) kolonbiarra dira aurtengo Espainiako Itzulia irabazteko favorito nagusiak. Lasterketa larunbat honetan hasiko da Burgosko Katedralean, eta 21 etaparen ostean Santiago de Compostelan amaituko da, irailaren 5ean.

Irteeran munduko txirrindularirik onenak izango dira, Tadej Pogacar Frantziako Tourreko irabazlea izan ezik. Lehenengo etapa erlojupeko laburra izango da.

Tropelean beste izen handi batzuk ere badira. Movistarreko Enric Mas, seigarren aurtengo Tourrean, eta Miguel Angel Lopez kolonbiarra, biek "irabaztera" aterako direla adierazi dute.

Mikel Landa da kontuan izateko beste txirrindulari bat. Arabarrak ahaztuta du Italiako Giroan izandako erorikoa eta amaitu berri den Burgosko Itzulia irabazi du. Bahreinekm gainera, talde indartsua izango du errepidean: Damiano Caruso, bigarren aurtengo Italiako Giroan, Wout Poels, Gino Mader eta Mark Padun dira Landaren taldekideak.

23 talde parte-hartzaileen artean Caja Rural, Burgos BH eta Euskaltel-Euskadi daude, antolatzaileek gonbidatuta.

Ibilbidea

2021ko ibilbidean erlojuaren kontrako bi saio daude, bat hasieran eta beste bat amaieran, mendi asko (8 etapa mendateetan amaitzen dira) eta txirrindulari mota guztientzako aukerak.

Lehen astean, eta haizearen baimenarekin, esprinterrek protagonismoa izan dezakete. Hala ere, hirugarren egunean Picon Blanco igoko dute, ondoren, Culleran, 1.700 metrotara dagoen eta % 10eko aldapa duen mendatea igoko dute, eta astea Alacanten amaituko da, sei mendateko jardunaldi batekin, helmuga ere aldapan gora izango dute.

Bigarren astean, ibilbideak gorabehera asko izango ditu Almerian, eta Velefique maila bereziko mendatean amaituko den etapa bat. Ondoren, atseden eguna eta Extremadurako etapak.

Amaiera gogorra

Kantabria aldera egingo dute gero. Hiru etapa handi egingo dituzte bertan: Covadongako Lakuetakoa, edizio honetako etapa nagusia Gamoniteiru (Maila berezikoa; 14,6 km % 9,8an), San Lorenzo (1. mailakoa), La Cobertoria (1. mailakoa) eta Cordal (2. mailakoa), eta Galiziako klasikoetako bat, 202 kilometrokoa, oso gorabeheratsua, eta bost igoerarekin Castro de Hervillera bidean (2. mailakoa, % 16ko aldapekin).

Azken egunean, Padron eta Santiago arteko 33,8 kilometroko erlojuaren kontrako saioak erabakiko du azken podiumera zeintzuk igoko diren.