Itxi

Txirrindularitza

2024ra arte

Alex Aranburuk Movistarren korrituko du datozen hiru denboraldietan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ezkio-Itsasoko txirrindulari gipuzkoarrak 2024ra arteko kontratua sinatu du, eta Oscar Rodriguez nafarrak aurretik egindako bide bera jarraitu du, Astanatik Movistarrera jauzi eginez.

1:10
Alex Aranburu

Movistar Team taldeak Alex Aranburu txirrindularia fitxatu duela jakinarazi du asteazken honetan. Ezkiotarra Astanatik iritsiko da bere talde berrira. Hala, Movistarrek iragartzen duen hirugarren fitxaketa da dagoeneko, aurretik Oscar Rodriguez nafarraren (Astanatik hura ere) eta Max Kanter alemaniarraren (DSM) kontratazioen berri eman baitzuen.

"Taldeko jende ugari ezagutzen dut jada, eta taldekideen artean giro ona izango dugula uste dut. Ilusio handiarekin iritsiko naiz datozen denboraldiei aurre egiteko, txirrindulari eta pertsona gisa hazten jarraitzeko asmoz", adierazi du 26 urteko txirrindulari gipuzkoarrak asteazken honetan, Movistarrek argitaratu duen oharraren bidez.

Muriasekin egin zuen debuta profesional gisa 2016an, eta, ondoren, Caja Ruraleko maillota jantzi zuen hiru urtez (2017-2019). Astanarekin iritsi zen Aranburu World Tourrera, non, besteak beste, Milan-San Remoko azken bi edizioetan zazpigarren izatea eta Euskal Herriko Itzuliko etapa bat irabaztea lortu zuen.

"Urtero hobetzen joatea espero dut, orain arte bezala, eta denon artean gauza politak lortzea", azaldu du Aranburuk.