Itxi

Txirrindularitza

Beste urtebetez

Pello Bilbaok kontratua berritu du Bahrain Victoriousekin 2024ra arte

EITB Media

Gernika-Lumoko txirrindulariak beste urtebetez luzatu du kontratua Bahraingo taldearekin; konkretuki, 2024aren amaierara arte.

  • Pello Bilbao

    Pello Bilbao, ITzuliko 3. etapan lortu zuen garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Pello Bilbaok 2024ra arte berritu du kontratua Bahrain Victorious taldearekin asteazken honetan (urriak 5). Ondorioz, Gernika-Lumoko txirrindulariak beste urtebetez luzatu du Bahraingo taldearekin lotzen duen kontratua.

2021ean Bilbaok kontratua berritu zuen Bahrain Victoriousekin 2023aren amaierara arte, eta taldean jarraituko du beste denboraldi batez; konkretuki, 2024 sasoiaren amaieraraino.

2022 denboraldia oparoa izan da Pello Bilbaorentzat: Itzulian, Alpeetako Tourrean eta Alemaniako Tourrean etapa garaipenak bereganatu zituen, bosgarren izan zen Giroko sailkapen nagusian, eta, hirugarren Poloniako Tourrean eta UAE Tourrean.

"Nire ibilbideko denboraldi onena izan da aurtengoa. Taldeak ere denboraldi ona osatu du, nahiz eta Tourra oso gogorra izan zen", adierazi du Pello Bilbaok Bahrain Victoriousek sare sozialetan publikatu duen elkarrizketan.

Txirrindulari bizkaitarra pozik azaldu da kontratu berritzea sinatu ostean: "Oso erraza izan da kontratua berritzeko akordiora iristea. Talde honetan etxean bezala sentitzen naiz, eta oso pozik nago hemen jarraitzeagatik".

2023 denboraldirako Frantziako Tourra eta Itzulia dira Pello Bilbaoren helburu nagusiak. "Datorren denboraldian orain arte moduan jarraitu eta lortutakoa hobetu nahi dut. Frantziako Tourrean egon nahi dut Bilbotik abiatuko delako eta niretzat hori oso berezia baita. Ohiko egutegia egitea dut aurreikusita. Etxeko lasterketa den Itzulia eta Frantziako Tourra ondo prestatzen saiatuko naiz", gaineratu du Pello Bilbaok.