Itxi

Txirrindularitza

Murtziako Itzulia

Euskaltel-Euskadi, Caja Rural, Kern Pharma eta Gorka eta Ion Izagirre anaiak, Murtziako Itzulian, larunbatean

EITB MEDIA

UCI WorldTeam mailako bederatzi talde izango dira irteeran, San Javier udalerrian, Cartagenarako bidean. Lasterketak ia 195 kilometroko ibilbidea izango du, eta egun bakarrean jokatuko dute.

  • Ion Izagirre, 2022ko Euskal Herriko Itzulian. Argazkia: EFE.

    Ion Izagirre, 2022ko Euskal Herriko Itzulian. Argazkia: EFE.

Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma taldeak eta UCI WorldTourreko zenbait euskal txirrindulari Murtziako Itzuliak argitaratutako parte-hartzaileen behin-behineko zerrendan daude. Lasterketa larunbatean jokatuko dute, hilaren 11n, 194,7 kilometroko ibilbidean, etapa bakarrean, eta, maila goreneko taldeei dagokienez, euskal txirrindulari hauek izango dira bertan: Ion eta Gorka Izagirre anaiak (Cofidis eta Movistar, hurrenez hurren), Jonathan Lastra (Cofidis) eta Oier Lazkano (Movistar).

43. aldiz egingo dute Murtziako Itzulia. Txirrindulariak San Javier udalerritik irtengo dira, eta helmuga Cartagenan izango dute. Hiru mendate gainditu beharko dituzte: Cesta de Gallo, hirugarren mailakoa bera, 39. kilometroan; maila bereziko Collado Bermejo, aurtengo Marco Pantani gaina, 106. kilometroan; eta El Cedacero hirugarren mailako mendatea 177. kilometroan, alegia, helmugarako 17 kilometrora. Helmuga Torres Parkean amaituko da, kilometro bateko baino gehiagoko igoera batekin; bertan, % 15erainoko aldapak izango dira.

Murtziako Itzuliak, halaber, hiru tarteko helmuga izango ditu. Guztira, 21 talde arituko dira, eta horietako bederatzik UCI WorldTeam maila dute.

2022an, UAE Team Emirates Alessandro Covi izan zen garaile; larunbatean berriro ere irabazten saiatuko da txirrindulari italiarra. 2021ean, aldiz, Euskaltel-Euskadiko Antonio Jesus Soto txirrindulari murtziarrak lortu zuen garaipena; Soto ere irtengo da larunbatean, arrakasta hori errepikatzeko asmoz.

Hona hemen 2023ko Murtziako Itzuliaren profila:

Irudia: Murtziako Itzulia.

Irudia: Murtziako Itzulia.