Itxi

Txirrindularitza

Andaluziako Itzulia (1. etapa)

Pogacarrek irabazi du Andaluziako Itzuliko estreinako etapa; Mikel Landa, bigarren

EITB Media

Tadej Pogacarrek Andaluziako Itzuliko liderraren elastikoa jantzi du lehen etapa irabazita. Mikel Landak bigarren postuan amaitu du irabazlearekiko 38 segundora. Euskal txirrindulariarekin batera helmugaratu dira Carlos Rodriguez eta Santiago Buitrago, hirugarren eta laugarren hurrenez hurren.

  • Tadej Pogacar

    Tadej Pogacar, Andaluziako Itzuliko 1. etapako irabazlea. Argazkia: EFE

Tadej Pogacarrek (UAE Emirates) irabazi du Andaluziako Itzuliko lehen etapa asteazken honetan, otsailaren 15ean, eta liderraren elastikoa jantzi du. Mikel Landa bigarren izan da, 38 segundora.

Txirrindulariek Puente de Genave eta Santiago de la Espada arteko 179 kilometroko ibilbideari egin diote aurre. Jaengo probintzian jokatu da etapa, eta beste behin Pogacar nagusitu da. Esloveniarrak Jaengo Klasikoa irabazi zuen duela bi egun.

Pogacarrek erasoa jo du helmugarako 12 kilometro falta zirenean; Mikel Landak erantzun egin dio, baina ezin izan dio eutsi haren erritmoari. Azken kilometroak lasterketa buruan egin ditu Tadej Pogacarrek, eta garaipena bereganatu du.

Landak bigarren postuan gurutzatu du helmuga, irabazlearekiko 38 segundora. Euskal txirrindulariarekin batera helmugaratu dira Carlos Rodriguez (Ineos-Grenadiers) eta Santiago Buitrago (Bahrain-Victorious), hirugarren eta laugarren hurrenez hurren.

Estreinako etapak erritmo bizia izan du hasieratik, eta eguneko ihesaldia azkar osatu da Gotzon Martin (Euskaltel-Euskadi), Alex Martin (Eolo), Clement Alleno (Burgos) eta Aaron Van Poucke (Team Flanders) txirrindulariekin. Ondo konpondu da laukotea, puntuak eskuratu dituzte Villarrodrigoko eta Hornoseko bitarteko helmugetan, baita Collado de los Yesos, Onsares eta Navalperal mendateetan ere. Ihesaldikoen tropelarekiko abantaila handiena bi minutu eta 45 segundokoa izan da. Geroago, Alleno eta Van Poucke atzean geratu dira.

Tropelak ez die utzi ihesaldikoei abantaila gehiegi handitzen. Hala ere, Omar Frailek (Ineos-Grenadiers) erasoa jo du, tropela atzean utzi, eta bat egin du Gotzon Martinekin eta Alex Martinekin. Hirukoteak, ordea, ez du asko iraun lasterketa buruan, tropelak erritmoa bizitu baitu UAE taldearen bidez. Hala gauzak, helmugarako hogei kilometro falta zirenean harrapatu du ihesaldia.

Tropela txikituta heldu da azken kilometroetara. Pogacarrek erasoa jo du amaierarako 12 kilometro falta zirenean, inork ezin izan dio jarraitu, eta esloveniarrari ez dio ihes egin garaipenak.

Lehen etapako sailkapena eta sailkapen nagusia:

1 - POGACAR Tadej (UAE) 5:04:08

2 - LANDA Mikel (Bahrain) + 0:38

3 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) d. b.

4 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) d. b.

5 - GEOGHEGAN HART Tao (INEOS) + 1:38

6 - SIVAKOV Pavel (INEOS) + 1:39

7 - CARUSO Damiano (Bahrain) d. b.

8 - MAS Enric (Movistar) d. b.

9 - HAIG Jack (Bahrain) d. b.

10 - CEPEDA Jefferson Alveiro (Caja Rural) + 1:41