Itxi

Txirrindularitza

UAE TOURRA

Evenepoelen Soudalak irabazi du erlojupekoa; Ineos taldeko Luke Plapp da lider berria

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Pello Bilbaoren Bahrain lau segundora sailkatu da, eta Gernikako txirrindulariak atzerapen horixe dauka sailkapenean.

  • Remco Evenepoel erlojupekoan (artxiboko argazkia)

    Remco Evenepoel erlojupekoan (artxiboko argazkia)

Remco Evenepoel belgikarraren Soudal Quick Stepek irabazi du UAE Tourreko bigarren etapan jokatu den taldekako erlojupekoa (17,3 km). Abu Dabiko Port Khalifa portuak hartu ditu probaren irteera eta helmuga, erabat laua izan den ibilbidean. Etaparen ostean, Ineos taldeko Luke Plapp australiarrak lortu du liderraren maillota eskuratzea (bere taldeak etapako hirugarren postua eskuratu du).

Evenepoel Munduko txapeldunaren eta Tim Merlier esprinterraren taldeak 18:17ko denbora behar izan du ibilbidea betetzeko, 56,7 km/h-ko batezbestekoa ezarrita. Belgikarrek segundo batean gainditu dute ordura arteko denborarik onena zeukan EF Education taldea (18:18). Ondoren, Ineos sailkatu da hiru segundora (18:20). Bestalde, Pello Bilbaoren Bahrain taldeak lau segundoko atzerapena izan du. Movistarrek, berriz, denbora kaskarra egin du, eta hamaseigarren postuan geratu da, irabazleengandik hogeita hamabost segundora.

Sailkapen orokorrean, Luke Plapp australiarrak (Melbourne, 22 urte), bi aldiz bere herrialdeko txapelduna, jantzi du maillot gorria, baina Evenepoelen marka berarekin. Pello Bilbaok laugarren postuari eutsi dio, munduko txapeldunarengandik lau segundora.

UAEk estreinatu du erlojupekoa, Adam Yates taldeko liderrak lehen etapan makal dagoela erakutsi ostean. Emirerribatuarrek 18:33ko denbora egin dute, eta azkenean zortzigarrenak izan dira, lehen postuetatik urrun. EF Educationek ezarritako 18:18ko denborak estu jarri du garaipenaren lehia. Proba irabazteko faboritoa zen Ineosek, berriz, ezin izan du denbora hori gainditu bi segundogatik (18:20).

Amaiera zirraragarria izan da Soudalen eta Bahrainen artean. Ibilbide erdian, 10 segundoko tartea zegoen bien artean, beti ere belgikarren alde. Hala ere, gerora, Bahrainekoek erreakzionatu egin dute, baina laugarren postuarekin konformatu behar izan dira. Izan ere, Soudalek etapako azken txanpan egindako lana ikusgarria izan da, eta gainerako taldeak atzean utzi ditu

Asteazken honetan, 185 kilometro dituen hirugarren etapa jokatuko da, Umbrella Beach (Fujairah) hondartzatik atera eta Jebel Jais mendatean amaituko dena. Mendiko lasterketa izango da eta faboritoek indarrak neurtuko dituzte helmugara heltzeko % 5,6ko batez besteko maldak eta 19 kilometroko luzera dituen azken igoeran.

ETAPAKO SAILKAPENA:

1 - Soudal - Quick Step  18:17

2 - EF Education-EasyPost +0:01

3 - INEOS Grenadiers +0:03

4 - Bahrain - Victorious +0:04

5 - Team Jayco AlUla +0:05

6 - Team DSM +0:10

7 - BORA - hansgrohe +0:15

8 - UAE Team Emirates +0:16

9 - Astana Qazaqstan Team +0:17

10 - Trek - Segafredo +0:19

SAILKAPEN OROKORRA:

1 - PLAPP Luke (INEOS) 3:35:50

2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) m.t.

3 - ARNDT Nikias (Bahrain) +0:03

4 - BILBAO Pello (Bahrain) +0:04

5 - CAVENDISH Mark (Astana) +0:15

6 - BOL Cees (Astana) +0:21

7 - KOOIJ Olav (Jumbo) +0:23

8 - VAN LERBERGHE Bert (Soudal) +0:29

9 - MERLIER Tim (Soudal) +0:30

10 - DRIZNERS Jarrad (Lotto) +0:50