Itxi

Txirrindularitza

Kataluniako Volta

Grovesek garaipen ikusgarria lortu du Molins de Rein, Bernalek lasterketa utzi duen egunean eroriko batengatik

AGENTZIAK | EITB Media

Australiarrak Coquard frantziarra gainditu du seigarren etapako esprintean, gurpila zulatu ondoren posizioak aurreratuz. Egan Bernal kolonbiarrak erorikoa izan du 90 kilometroren faltan.

1:30
Volta a Catalunya

Kaden Groves (Alpecin) australiarrak Bryan Coquard (Cofidis) frantziarra gainditu du Molins de Rein (Bartzelona) amaitu den Kataluniako Voltako seigarren etapako esprintean, azken hiru kilometroetako balentria bati esker, talde nagusia harrapatu eta postuak aurreratu behar izan baititu gurpil bat zulatu ondoren.

Esprintean lider jarraitzen duen Primoz Roglic (Jumbo Visma) esloveniarrak eta Remco Evenepoel (Quick-step) belgikarrak ere parte hartu dute.

Bietako batek ere ez du abantailarik lortu. Hauek eguneko tarteko bi esprintetan batu dira. Lehena Roglicentzat izan da, eta bigarrena Evenepoelentzat. Horrela, aldea 10 segundokoa da oraindik, bihar, igandea, Bartzelonan izango den azken etapa baino lehen.

Sailkapen nagusiko borrokak eguneko ihesaldia ibilbidearen 66. kilometroan kokatutako tarteko lehen esprinta igaro arte ez sortzea eragin du, saiakera ugari egon diren arren. Roglicen Jumbo-Vismak ez dio inori aurreratzen utzi.

90 kilometroren faltan eroriko bat izan da eta Egan Bernal kolonbiarra (INEOS) tartean harrapatu du. Bogotarrak lasterketa uztea erabaki du erorikoaren ondorioz.

Bahrain Victorious talde lanean hasi da, Solerrek, sailkapen nagusiko bosgarrenak, Mikel Landa euskalduna gainditu ez zezan.

Hala, Roglic eta Evenepoel elkarrekin joan dira helmugara, bigarrena ihesalditik tiraka, esloveniarrari behin eta berriz erreleboa eskatu badio ere. Azkenean, munduko txapeldunak amore ematea erabaki du 9 kilometrora.

Zoramenezko amaiera batean, Landa eta Giulio Ciccone (Trek-Segrafredo) italiarra ere saiatu dira ihes egiten, baina esprinterren taldeek egoera kontrolatzea lortu dute.

Kaden Grovesek zorte txarra, hiru kilometroren faltan gurpila zulatu baitu. Baina ezbehar hau abiapuntu bihurtu du australiarrak, Voltako bere bigarren etapa garaipenera eraman duen aparteko lorpena lortzeko.

Egan Bernal kolonbiarrak Volta utzi du eroriko baten ondorioz

Egan Bernal. Argazkia: EFE

Egan Bernal. Argazkia: EFE

Egan Bernal (INEOS) txirrindulari kolonbiarrak Kataluniako Volta utzi behar izan du helmugarako 90 kilometro falta zirenean erorikoa izan ostean.

Bernal Kataluniako lasterketan itzuli da lehiara, beste eroriko baten ondorioz San Juango Itzulian (Argentina) ezker belaunean izan zuen lesioaren ondorioz, eta lurrera joan da Caja Rural taldeko hiru txirrindularirekin. Oraindik ez dute zehaztu zenbaterainokoa izan den bogotarrak izan duen lesioa.

6. ETAPAKO SAILKAPENA:

1 - GROVES Kaden (Alpecin) 3:50:32

2 - COQUARD Bryan (Cofidis) d. b.

3 - SCHELLING Ide (BORA) d. b.

4 - VAN GILS Maxim (Lotto) d. b.

5 - EVENEPOEL Remco (Quick-Step) d. b.

6 - KRON Andreas (Lotto) d. b.

7 - GODON Dorian (AG2R) d. b.

8 - KONRAD Patrick (BORA) d. b.

9 - ROGLIC Primož (Jumbo) d. b.

10 - FISHER-BLACK Finn (UAE) d. b.

SAILKPEN NAGUSIA

1 - ROGLIC Primoz (Jumbo) 25:19:52

2 - EVENEPOEL Remco (Quick-Step) +0:10

3 - ALMEIDA Joao (UAE) +1:07

4 - SOLER Marc (UAE) +1:54

5 - LANDA Mikel (Bahrain) +1:55

6 - WOODS Michael (Israel) +1:59

7 - CICCONE Giulio (Trek) +2:02

8 - HINDLEY Jai (BORA) +2:07

9 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +2:28

10 - URAN Rigoberto (EF) +2:49