Itxi

Txirrindularitza

Flèche Wallonne

Demi Volleringek Flèche Wallonne klasikoa irabazi du, Ardenetan duen nagusitasuna berretsita

EITB MEDIA

SD Workx taldeko txirrindulari herbeheretarra Liane Lipperten eta Gaia Realiniren aurretik gailendu da Huyko Harresian. Aurreko igandean, Amstel Gold Race lasterketa ere irabazi zuen; hortaz, igandeko Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan ere gailenduz gero, Ardenetako Triptikoa eskuratuko du.

1:41
Demi Vollering

Demi Vollering (SD Worx) txirrindulari herbeheretarrak Flèche Wallonne klasikoa irabazi du, asteazken honetan, eta, horrela, Ardenetan duen nagusitasuna berretsi du. Liane Lipperten eta Gaia Realiniren aurretik gailendu da Huyko Harresian (1,3 kilometroko igoera gogorra, % 9,6ko batez besteko aldapekin). Aurreko igandean, Amstel Gold Race lasterketa ere irabazi zuen, eta, hortaz, igandean Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan ere gailenduz gero, Ardenetako Triptikoa lortuko du.

Volleringek nagusitasunez erdietsi du garaipena Flèche Wallonnen, eta sasoi bikainean jarraitzen duela erakutsi du beste behin; izan ere, aurtengo denboraldiko Strade Bianche eta Flandrian Zehar klasikoetan ere lehen postuan helmugaratu zen. Huyko azken igoeran jo du erasoa herbeheretarrak, helmugatik 500 metrora, eta gailurrean besoak altxatzeko adinako tartea irekitzea lortu du, helmugako pankartapean.

Huyko bigarren pasaeran hasi da lasterketa hausten, Annemiek van Vleutenek (Movistar) bere ibilera bizkortu duenean. Horren ondorioz, lau txirrindulariko multzo bat nabarmendu da hasiera batean, ondoren 20 txirrindulari ingurura zabaldu dena. Talde horretatik Amanda Spratt australiarrak (Trek - Segafredo) egin du jauzi, lasterketa amaitzeko zazpi kilometrora.

Huyko behin betiko igoeran jo du Volleringek bere erasoa. Lehen unean, Katarzyna Niewiadomak (Canyon) jarraitu egin dion arren, laster geratu da bakarrik buruan, garaipena eskuratu arte. Ane Santesteban errenteriarra, Amstel Gold Raceko hamabigarren postu bikainaren ondoren, 76. postuan sartu da, irabazlearengandik 04:55era.

LASTERKETAKO SAILKAPENA:

1 - VOLLERING Demi (SD Worx) 3:29:25

2 - LIPPERT Liane (Movistar) +0:05

3 - REALINI Gaia (Trek) +0:07

4 - GARCIA Mavi (Liv Racing) +0:10

5 - MUZIC Evita (FDJ) d.b.

6 - MOOLMAN Ashleigh (AG Insurance) d.b.

7 - VAN VLEUTEN Annemiek (Movistar) d.b.

8 - PERSICO Silvia (UAE) +0:16

9 - CHABBEY Elise (Canyon) d.b.

10 - KASTELIJN Yara (Fenix) d.b.