Itxi

Txirrindularitza

Tourra, uztailaren 1ean

Tadej Pogacarrek sei aste beharko ditu Lieja-Bastogne-Liejan hautsitako eskafoidea sendatzeko

EITB MEDIA

UAE Team Emirates taldeko txirrindulari esloveniarrak erorikoa izan zuen igandean, Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan, eta ebakuntza egin zioten. Esan duenez, "zorionekoa" da, "soilik eskumuturra" hautsi zaiolako. Pogacarrek, hala, oztopoa du Frantziako Tourrerako prestaketan.

  • Pogacarrek sei bat aste beharko ditu, sendatzeko. Argazkia: EFE.

    Pogacarrek sei bat aste beharko ditu, sendatzeko. Argazkia: EFE.

UAE Team Emirates taldeko Tadej Pogacar txirrindulari esloveniarrak sei aste beharko ditu Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan pairatutako eskafoide haustura sendatzeko, haren taldeak astelehenean jakitera eman duenez. Pogacarrek erorikoa izan zuen igandean, aipatutako lasterketan, eta, ondorioz, ebakuntza egin zioten, ordu batzuen buruan. Horren ustez, "zorionekoa" da, "soilik eskumuturra" hautsi zaiolako, baina, halaber, oztopoa du Frantziako Tourrerako prestaketan, ezingo baitu parte hartu UAEk maiatzaren hasieran Sierra Nevadan egingo duen kontzentrazioan.

Testuinguru horretan, UAE Team taldeak zabaldutako oharrean Adrian Rotunno doktoreak zehaztu duenez, Pogacarrek, Lieja-Bastogne-Liejan, "hezurrean haustura bikoitza eragin zuen eskafoide haustura" egin zuen, "eta torloju txiki bat jarri behar izan zitzaion, hezur zatiak berriro lerrokatzeko. Ebakuntza arrakastatsua izan zen, eta etxean hasiko da sendatzen". Horren esanetan, "lesioa aztertuta, sei bat aste beharko ditu sendatzeko. Segituan hasiko da errehabilitazio lana egiten, eta apur bat entrenatzen, lehen egunetan barruan".

"Eskumuturrean bi haustura ditu, baina, horrez gain, eskuetan zauri asko dauzka. Horiek erabat sendatu behar ditu, eta gerora hasi ahalko da, kontuz, entrenatzen, baina ez aire zabalean", adierazi zuen igandean Rotunno doktoreak.

Medikuaren azterketaren berri izanda, eta kontuan izanik erorikoa gogorra izan zela, Pogacarrek nabarmendu du zortea izan duela, soilik eskumuturrean baitu haustura. "Espero dut Mikkel Honore (erorikoan min hartu zuen beste txirrindularia) laster sendatzea, haren istripua gogorragoa izan baitzen", esan du, sare sozialetan.