Itxi

Txirrindularitza

Emakumezkoen Vuelta 2023

Vosek lidertza sendotu du, hirugarren etapa irabazita

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Marianne Vosek bereganatu du garaipena Emakumezkoen Espainiako Vueltan, esprintean Kool eta Dygert mendean hartuta. Ondorioz, herbeheretarrak handitu egin du sailkapen nagusiko bigarrena den Dygertekiko aldea 13 segundora.

4:22
Marianne Vos

Marianne Vosek (Jumbo-Visma) irabazi du Emakumezkoen Espainiako Vueltako hirugarren etapa asteazken honetan, maiatzaren 3an, eta lidertza sendotu du. Herbehereetako txirrindulariak esprintean bereganatu du garaipena, Charlotte Kool (DSM) eta Chloe Dygert (Canyon/SRAM Racing) mendean hartuta.

Elche de la Sierra eta La Roda arteko 158 kilometroko ibilbideari egin diote aurre txirrindulariek. Lehen 70 kilometroetan ez da ihesaldirik sortu, baina, ordutik aurrera, Movistarrek haize-boladak baliatu ditu tropela hausteko. Lasterketa irabazteko faborito gehienak ez dira moztuta geratu, baina beste hauek bai: Kristen Faulkner (Team Jayco AlUla), Gaia Realini eta Amanda Spratt (Trek-Segafredo). Gainera, helmugarako 50 kilometro falta zirenean, berriz zatitu da tropela, eta Silvia Persico (UAE Team) geratu da atzean.

Horrela, tropel txiki batek egin du aurrera. Vosek gainsaria jaso du Barraxeko tarteko esprintean, helmugarako 21,2 kilometro falta zirenean. Orduan, beste behin apurtu da tropel nagusia, eta Ane Santesteban (Team Jayco AlUla) euskal txirrindularia geratu da jokoz kanpo. Azkenean, esprintean erabaki da etapa. Marianne Vos izan da onena amaierako zuzengunean, Kool sartu da bigarren eta Dygert hirugarren.

Orain, sailkapen nagusiko lehenak, Vosek, 13 segundoko abantaila du Dygertekiko. Jumbo-Visma taldeko Riejanne Markus, Anna Henderson eta Amber Kraak daude hirugarren, laugarren eta bosgarren postuetan, liderrarekiko 14 segundora lehenengoa eta 22ra beste biak.

3. etapako sailkapena:

1 - VOS Marianne (Jumbo) 3:27:38

2 - KOOL Charlotte (DSM) d. b.

3 - DYGERT Chloe (Canyon) d. b.

4 - COPPONI Clara (FDJ) d. b.

5 - NORSGAARD Emma (Movistar) d. b.

6 - DRONOVA-BALABOLINA Tamara (Israel) d. b.

7 - LIPPERT Liane (Movistar) d. b.

8 - TERUEL Alba (Laboral Kutxa) d. b.

9 - VOLLERING Demi (SD Worx) d. b.

10 -REUSSER Marlen (SD Worx) d. b.

Sailkapen nagusia:

1 - VOS Marianne (Jumbo) 6:26:46

2 - DYGERT Chloe (Canyon) +0:13

3 - MARKUS Riejanne (Jumbo) +0:14

4 - HENDERSON Anna (Jumbo) +0:22

5 - KRAAK Amber (Jumbo) d. b.

6 - CHABBEY Elise (Canyon) +0:23

7 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) d. b.

8 - LIPPERT Liane (Movistar) +0:32

9 - NORSGAARD Emma (Movistar) +0:34

10 - VAN VLEUTEN Annemiek (Movistar) d. b.