Itxi

Txirrindularitza

HERIOTZA

Txomin Perurena euskal txirrindulari ohia hil da 79 urte zituela

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Oiartzuarrak 158 garaipen lortu zituen profesionaletan, baita bigarren postu bat Espainiako Vueltan ere. Halaber, EITBko hainbat hedabidetan parte hartu zuen komentarista gisa.

0:57
Txomin Perurena

Txomin Perurena euskal txirrindulari ohia, 70eko hamarkadan kirol honen izen nabarmenetako bat, 79 urte zituela hil da gaixotasun baten ondorioz, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko iturriek EFEri baieztatu diotenez.

Perurena 1943an jaio zen Oiartzunen (Gipuzkoa), Donostian bizi zen eta ostegun honetan hil da, aipatu iturrien arabera.

Oso gazterik hasi zen txirrindularitzan eta, profesional gisa, Fagor, KAS eta Teka taldeetan aritu zen.

Txomin Perurena, KAS taldean korritzen zuen garaian.

Txomin Perurena, KAS taldean korritzen zuen garaian. Argazkia: ETBko bideo batetik hartutako irudia.

Bere palmaresean ageri dira, besteak beste, 1975eko Espainiako Vueltako bigarren postua, eta lasterketa horretako hamabi etapa bereganatu zituen; Giroan, beste bi etapa irabazi zituen. Denetara, 158 garaipen erdietsi zituen profesional gisa, horietako 11 Itzulian. Horrez gain, Frantziako Tourrean mendiko errege izan zen, 1974an.

Bizikleta gainean korritzeari utzi ostean, kirol-zuzendari lanetan aritu zen Teka, Orbea, Caja Rural, Artiach eta Euskaltel taldeetan, besteak beste.

Era berean, EITBko hainbat hedabidetan kolaboratzaile ere izan zen, hala nola aditu lanetan ibili zen Euskadi Irratiko zein ETBko txirrindularitza saioetan.