Itxi

Txirrindularitza

Poloniako Tourra (5. etapa)

Van den Berg, garaile Poloniako Tourreko 5. etapan; Mohoricek lidertza sendotu du

EITB Media

Marijn Van den Berg nagusitu da Poloniako Tourreko bosgarren etapan, esprintean Matej Mohoric liderra eta Joao Almeida sailkapen nagusiko bigarrena mendean hartuta.

  • Marijn Van den Berg

    Marijn Van den Berg, Poloniako Tourreko 5. etapako irabazlea. Argazkia: EITB Media

Marijn Van den Berg (EF Education) izan da Poloniako Tourreko bosgarren etapako irabazlea. Txirrindulariek Pszczyna eta Bielsko-Biala arteko 198,8 kilometroko ibilbidea izan duen etapari egin diote aurre, eta Matej Mohoricek (Bahrain Victorious) sendotu egin du lidertza.

Esprintean erabaki da etapako irabazlea. Azken metroetan erorikoa gertatu da, eta hamar txirrindulari joan dira lurrera. Tropelaren buruan joan diren ziklistek saihestu egin dute erorikoa, eta esprintean 24 urteko Van den Berg herbeheretarra izan da onena. Bigarren izan da Mohoric eta hirugarren Almeida. Ondorioz, gainsarien eraginez, Mohoricek handitu egin du Almeidarekiko abantaila, eta, orain, 12 segundoko errenta dauka. Michal Kwiatkowski (INEOS Grenadiers) dago hirugarren postuan liderrarekiko 18 segundora. Euskal txirrindulari onena Jonathan Lastra (Cofidis) da; Bilbokoa 16. postuan dago, Mohoricekiko 1'22"ra.

Etapa hasieran sortu da ihesaldia. Bost txirrindularik egin dute ihes tropeletik, gizon garrantzitsuenak Markus Hoelgaard (Lidl-Trek) eta Thomas de Gendt (Lotto Dstny) zirelarik. Tropelak, aldiz, kontrolpean izan du ihesaldia uneoro, eta De Gent zein Hoelgaard azkenera arte saiatu diren arren, harrapatu egin dituzte helmugara iristeko 13.5 kilometro falta zirenean.

Hala, bada, tropela bat eginda iritsi da azken metroetara, eta esprintean Van den Berg izan da jaun eta jabe.

5. etapako sailkapena:

1 - VAN DEN BERG Marijn (EF Education) 4:51:27

2 - MOHORIC Matej (Bahrain) d. b.

3 - ALMEIDA João (UAE) d. b.

4 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS) d. b.

5 - FISHER-BLACK Finn (UAE) d. b.

6 - KRON Andreas (Lotto) d. b.

7 - HIGUITA Sergio (BORA) d. b.

8 - ASKEY Lewis (Groupama) d. b.

9 - SCARONI Christian (Astana) d. b.

10 - BUDZINSKI Marcin (Poland) d. b.

Sailkapen nagusia:

1 - MOHORIC Matej (Bahrain) 22:29:32

2 - ALMEIDA João (UAE) +0:12

3 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS) +0:18

4 - ONLEY Oscar (DSM) +0:26

5 - BATTISTELLA Samuele (Astana) d. b.

6 -MONIQUET Sylvain (Lotto) d. b.

7 - MARTINEZ Lenny (Groupama) d. b.

8 - SCARONI Christian (Astana) +0:37

9 - VAN EETVELT Lennert (Lotto) d. b.

10 - CONCI Nicola (Alpecin) +0:40