Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

Irabazlea

Frantziako Tourra: Contador-Schleck lehiaren argi-ilunak

Erredakzioa

Contadorren eta Schlecken arteko lehiak kirol honen irudi polita eskaini duela uste dute batzuek. Beste batzuen ustez, ordea, bien arteko benetako borroka eza izan da aurtengo Tourrarren ezaugarria.

Alberto Contadorrek eta Andy Schleckek izan duten dueluak bi lehiakideen jarrerari buruzko iruzkin asko sortu ditu lasterketa barruan nahiz kanpoan, "katearen eguna" eta bien akidura eztabaidaren erdian zeudela.

Bernard Hinaulten, Tourra bost aldiz irabazi duenaren, ustez, "Contadorren eta Schlecken arteko norgehiagokak kirol honen irudi polita eskaini du, eta hori da Tour honetatik gogoratuko dudana". Baina beste batzuen ustez, bien arteko benetako borroka eza izan da aurtengo Tourra ezaugarritu duena. "Schleckek aukera asko galdu ditu eta ez du erakutsi Contadorri aurre egiteko zeukan plana", esan du Laurent Fignon, Tourra bi aldiz irabazitakoak.

Alde psikologikoari begira, "Contadorrek joko bikoitza egin du eta bere aukerak hobeto erabili ditu, Schleck manipulatu egin du ere, Port de Baléseko bere akats mekanikoaren ostean haien artean laguntasuna sartuta", esan du Fignonek.

Hinaultek alderantziz pentsatzen du. Bere ustez, "borroka benetakoa izan da eta bakoitzak eskura zituen aukerak erabili ditu lehiakidea garaitzen saiatzeko".

Tourreko une gakoa Port de Baléseko kate-irteera izan zen. Luxenburgotarrak azeleratu egin zuen eta trabatuta geratu zen arazo mekanikoengatik. Contadorrek ezikusiarena egin zuen eta helmugarantz abiatu zen ziztu bizian, nahiz eta ikusi ez zuela ziurtatu duen. 39 segundo atera zizkion Andyri eta azkenean erabakigarriak izan ziren.

"Denbora hori da azken erlojupekoan falta izan zitzaiona", esan du Hinaultek, baina Fignonek "errua" kendu dio espainiarrari, nahiz eta "gezurra esan zuen". Bien sasoiari dagokionez, "Contadorrek 2009an baino aldaketa gehiago izan ditu; aurreko urtean bikain aritu zen eta, aurten, maila normala izan du. Erantzuna 2011n izango dugu", Fignonen arabera. Bere lehiakide ohiak uste du madrildarrak egoera menderatu zuela Rotterdamen, baina gero Schleck oso gertu hurbiltzen ikusi zuela.

Historian gordetzeko duelua izan da "Kaimanaren" ustez, horrelakoren bat ikusteko laurogeiko hamarkadara joan beharko ginateke eta. Frantziako telebistako esatariaren ustez, ordea, duelua mendiko etaparen batean eta erlojupekoan gertatu da soilik, garrantzia handiegirik gabe.

"Ikusi dudana onartezina da. Txirrindularitzak ez du izan behar lagunen arteko kontu bat. Lehiaketa erruki gabe egin behar da. Ni ez nintzen inoiz Hinaulten edo Lemonen besoetan erori. Lehiakidea ezin duzu maitatu", ziurtatu du Fignonek.

Hinaultek bestera uste du. "Txirrindularitzak eta kirolak merezi duten irudia eman dute. Borroka errepidean egin dute eta, hortik kanpo, egin behar zutena egin dute".

"Umemokoen asmakeria"

Polemikak tentsioa sortu zuen Tourmaleteko etapan Samuel Sanchez jausi zenean. Egun horretan, Contadorrek asturiarrari itxarotea proposatu zion Carlos Sastreri, ihesaldia harrapatzeko erasoa hasita zuenean.

Sastrek ez zuen lotsarik izan eta "txirrindularitza ezin dela umemokoen asmakeria bihurtu" ziurtatu zuen, eta harbidearen etapan jausi zenean eta bizikletaren bi gurpilak apurtu zitzaizkionean inork ez ziola itxaron baieztatu zuen.

Txirrindularitza joko garbiaren berezko arautegiaren agerpenaren aurrean dago, nor jausten den edo bizikleta nori apurtzen zaion arabera. "Nik ez dut inoiz horrelakorik ikusi, txirrindularitza berria izango da", esan du Miguel Madariagak. Marino Lejarreta txirrindulari ohiaren ustez, "elkartasuna era naturalean sortu behar da, bestela, keinu hauek ez dute ezertarako balio".

Beste egoera batean arazo txikiak izango liratekeenek tropeleko bi portagonistengan eragina izan dute, bai eta Tourreko azken sailkapenean ere. Contadorrek ez zuen ikusi Schlecki katea atera zitzaiola, baina gauean bideo bat argitaratu zuen lehiakideari barkamena eskatuz.

Zorra Tourmaletean kitatu zen. Contadorrek ez zion etapa lehiatu Schlechi "berak egin baitzuen lan osoa igoeran", eta helmuga besarkatuta gurutzatu zuten. Lehiaketaren eta laguntasunaren arteko nahasketa. Azken erlojupeko 39 segundoek nor bere lekuan jarri zuten, katea, oraingoan, bere lekuan zegoela.