Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

Atseden-eguna

Landa: 'Nire taldeko bigarrena ez dut izan nahi berriro'

Agentziak | Erredakzioa

Murgiako txirrindularia seigarren dago Tourreko sailkapen nagusian, Alpeak ate-joka direnean; Landak berretsi du Chris Froome liderrak haren lana izango duela eskura, lasterketa irabaztea xede.

  • Mikel Landa seigarren postuan dago. Argazkia: EiTB.

    Mikel Landa seigarren postuan dago. Argazkia: EiTB.

Frantziako Tourreko seigarren sailkatuak, Mikel Landak (Sky), hilaren 17ko atseden-egunean argi utzi du ez duela berriro bere taldeko bigarrena izan nahi, baina Chris Froome buruz buru bera baino gehiago dela onartu du, eta britainiarrak Tourra irabazteko bere lana eskura izango duela baieztatu du. Landa, bere aldetik, Parisko podiumean egoten saiatuko da.

Agintean dagoen liderra ez dabil taldekidea baino hobeto, eta, hori dela eta, Landak hausnarketa egin du etorkizunera begira. "Argi dut hau ezin dela berriro gertatu. Hemendik aurrera, gauzak argi izan behar ditut. Ez dut berriro nire taldeko bigarrena izan nahi, eta, hala balitz, nik nahita izan beharko luke', esan du murgiarrak, entrenatzen hasi aurretik.

2012an ere antzeko egoera izan zen, Froome eta Wigginsen artean, Sky taldean bertan. "Baliteke egoera antzekoa izatea; baina kontuan izan behar da Tour honetan Froomek, buruz buru, irabazi egingo lukeela nire kontra; izan ere, erlojupeko bat du, azken aurreko etapan. Taldekideak gara, ez arerioak', adierazi du.

Landak berak ere oso antzeko egoea bizi izan zuen 2015ean, Astana taldean zegoela, Italiako Giroan; Fabio Aru lider eta taldekideari lagundu behar izan zion, taldeak hala aginduta, eta arabarrak hirugarren amaitu zuen: "Bai, egia esan, nahiko antzekoa da. Badakit zertara etorri naizen Tourrera, eta hauxe dago. Astanan bizitakoa bezalakoa da, nolabait, baina orain Tourra dugu jokoan, ez bigarren postua".

Hala ere, Landaren ustez, "polita litzateke Skyrentzat Froomerekin irabaztea, eta ni Parisko podiumean egotea. Horretan gabiltza, pozik, eta lehen asteko sentsazio bera dut. Lantalde ona dago, eta guztion arteko harremana ere ona da".

"Ez diot hartzen Giroari hartzen diodan gauza bera"

Etorkizunari begira, eta bere asmoei dagokienez, Landak ez du argi Tour bat irabazteko aukera izango duen. Nahiago du hainbat alde aztertu iritzi bat eman aurretik: "Ez dakit nire helburua Frantziako Tourra den. Ez diot hartzen Giroari hartzen diodan gauza bera. Lasterketa desberdinak dira; arerioak ere, bestelakoak. Tour bat irabazteko aukera dudan jakiteko, profila ikusi behar da, aztertu, eta Giroa baino hobeto doakidan pentsatu. Orain ez dakit; ez da gauza bera irabaztera zein laguntzera etortzea".

Falta diren etapen artean, onena Izoardekoa izango da, Landaren iritzian, goian amaitzen baita. Hala ere, Galibierrekoa ere "interesgarria" izan liteke, azken kilometroak beherantz egingo baitituzte.

Bere etorkizunaz galdetuta, Landak esan du oraindik goiz dela erabakitzeko: "Tourrean ez dago astirik horrelakoetan pentsatzeko".

pentsatzeko".