Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

16. etapa

Alaphilippek irabazi du Pirinioetako lehen etapa; Gorka Izagirre bigarren izan da

Agentziak | Erredakzioa

Ormaiztegiko txirrindularia irabazlearengandik 15 segundora sartu da laukote baten buru.

Julian Alaphilippe (Quick-Step Floors) irabazi du astearte honetan Frantziako Tourreko hamaseigarren etapa, Carcasona eta Bagneres-de-Luchon artean jokatu dutena 218 kilometro ibilbidean zehar. Frantziarra eguneko ihesaldiko kideetako bat izan da, eta gaurko etaparekin aurtengo Tourreko bigarren garaipena erdietsi du; horrez gain, ia erabakita utzi du mendiko elastikoaren sailkapena.

Alaphilippe dagoeneko gailendu zen 10. etapan, Le Grand-Bornanden, eta bigarren helmugaratu zen Menden, 14. etapan. Gaurkoan erakustaldia eman du Portillon mendatean gora (1. mailakoa), eta, etapa lortzeaz gainera, eskalatzaile onenaren elastikoa irabaztetik oso gertu geratu da.

Alaphilipperen garaipenean zerikusi handia izan du Adam Yatesen erorikoak (Mitchelton-Scott), lasterketaren buru zihoanean. Portillon gainetik 17 segundoko abantailarekin igaro ostean, britainiarra lurrera joan da bihurgune batean, eta Alaphilippek ziztu batean gainditu du etapa esku-eskura zuela ikusita.

Faboritoen tropelari dagokionez, eraso gutxi izan dira euren artean. Oso apalak izan dira Jakob Fuglsangen (Astana) edo Ilnur Zakarinen (Katusha) saiakerak. Mikel Landak ere bere ahalegina egin du Portillon igoeran zein jaitsieran. Taldetxoa luzatzea eta tarte batean etetea ere lortu duen arren, azkenerako denak batera iritsi dira 9 minutura.