Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

Egunero, zuzenean

Pogacar eta Roglic faborito nagusi dira, errebantxa kutsua duen edizioan

L. E. A. | EITB MEDIA

Lasterketa Pirinioetan erabakiko da, aldapan gora amaituko diren bi etapetan, eta azken aurreko eguneko erlojuaren kontrako saioan.

  • Primoz Roglic eta Tadej Pogacar, 2020ko Frantziako Tourrean

    Primoz Roglic eta Tadej Pogacar, 2020ko Frantziako Tourrean

2020ko edizioan Tadej Pogacarrek eta Primoz Roglicek azken erlojupekoan izandako lehia gogoan, 2021ko Tourra Bresten hasiko da, Fisterran, bi txirrindularien arteko errebantxa kutsuarekin.

Apustuetan esloveniarrak dira nagusia, baina biek ez dute onartzen aurtengo Tourra bien arteko lehia bakarrik izatea. Ineos taldeak Richard Carapaz eta Geraint Thomas dauzka  faborito nagusiei gauzak zail jartzeko. Biek Parisko podiuma dute helburu, uztailaren 18an.

Ohi bezala, Frantziako Tourrak 21 etapa izango ditu, denetarikoak: erlojupeko bi saio, bigarrena azken aurreko egunean, hiru helmuga mendateen gainean, Mont Ventoux birritan igoko dute, eta Pirinioetan erabakigarriak izango diren bi etapa.

Hain zuzen, lasterketa Pirinioetan erabakitzea aurreikusten da, azken aurreko eguneko erlojuaren kontrakoarekin batera. Iaz, gainera, eta aurrekari gisa, Lureko erlojupekoan kendu zion Pogacarrek Roglici maillot horia.

Lehen erlojupekoa bosgarren etapan jokatuko dute, 27 kilometro izango ditu eta lehen diferentziak sortu daitezke. Ondoren, mendebaldera joko dute, trantsiziozko bi etapekin, horietako bigarrena azken 20 urteetako luzeena, 248 kilometroko ibilbidearekin.

Zortzigarren etapan Alpeetan sartuko dira, La Colombiére igoko dute, eta hurrengo eguneko etapan helmuga Tignesen izango dute. Horixe izango da faborito nagusientzako lehen azterketa. Ondoren, atseden eguna izango dute.

Pirinioen atarian, esprinterrek bi aukera izango dituzte. Pirinioetan Andorratik sartuko dira, Envalira aurtengo edizioko mendaterik altuena igota (2.408 metro).

Azken txanpa

Mendiko etapa batek emango dio hasiera Pirinioetako jardunaldi nagusiei: lehenengoan Peyresourde eta Val Louron igoko dituzte, eta helmuga Porteten egongo da. Bigarrenean Tourmalet eta Luz Ardiden igo beharko dituzte, azken hori 2011an igo zuten azken aldiz.

Tourra aurretik erabakita ez badago, bigarren erlojupekoa izango dute, 30,7 kilometrokoa, aldeak handitu eta podiuma zehazteko.