Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

6. etapa

Emma Norsgaardek irabazi du Blagnacen, ihesaldi bat burututa, eta Kopeckyk lau segundo lortu ditu

EITB MEDIA

Movistar taldeko txirrindulari danimarkarrak kilometro asko eman ditu ihesaldian, Alonso (Ceratizit) espainiarrarekin eta Skalniak-Sojka (Canyon) poloniarrarekin, eta indarra izan du, azken kilometroan, aurrera egin eta Tourreko seigarren etapa irabazteko.

  • Emma Norsgaardek irabazi du Tourraren 6. etapa. Argazkia: © A.S.O./Charly Lopez.

    Emma Norsgaardek irabazi du Tourraren 6. etapa. Argazkia: © A.S.O./Charly Lopez.

Emma Norsgaard Movistar taldeko txirrindulari danimarkarrak irabazi du, ostiralean, 2023ko Frantziako Tourraren seigarren etapa, Blagnacen, ihesaldi luzea burututa. Sailkapen nagusian, SD Worx taldeko Lotte Kopecky ziklista belgikarrak lider jarraitzen du, eta, gainera lau segundo lortu ditu, denbora sari gisa, etapan hirugarren tokia eskuratu baitu.

Norsgaardek kilometro asko eman ditu ihes eginda, etapan, Sandra Alonso (Ceratizit) espainiarrarekin eta Agnieszka Skalniak-Sojka (Canyon) poloniarrarekin; ematen zuen tropelak hartuko zituela, baina Movistarreko txirrindulariak, azken kilometroan, aurrera egin du, eta garaipena lortu du azkenean.

Lasterketako azken zatian emozio handia izan da. Helmugarako 60 kilometro geratzen zirela, ihesaldian zeuden hiru emakumeek bi minutu eta erditik gorako aldea zuten. Azken 50 kilometroetan lehia estua izan da Norsgaardek, Alonsok eta Skalniak-Sojkak osatutako taldearen eta tropelaren artean; aurrean zihoazen ziklistak, baina, tropela baino hobeto moldatzen ziren, elkarren artean.

Bazirudien ez zela aukerarik izango ihesaldikoentzat; 20 kilometro zeudela aurretik, minutu bateko aldea zuten, 20 segundo bost kilometrora. Orduan, Norsgaardek lehen erasoa jo du, eta Alonso atzean geratu da; azken kilometroan, Norsgaard eta Skalniak-Sojka zeuden lasterketa buruan.

Une horretan, erorikoa izan da tropelean, eta, segundo batzuetan, nahasmena nagusitu da. Danimarkarrak hori baliatu du, eraso luzea egiteko, eta, azkenean, etapa irabazi du, segundo bakar bateko aldea izan duela.

Erorikoaren ondorioz, alde esanguratsuak izan dira helmugan, baina epaimahaiak erabaki du alde horiei balioa kentzea. Lotte Kopecky hirugarren sartu da, eta, hortaz, lau segundo lortu ditu. AG Insurance-Soudal Quick-Step taldeko Ashleigh Moolman hegoafrikarra dabil bigarren tokian, 53 segundora. Worxeko Demi Vollering herbeheretarrari 20 segundoko zigorra ezarri diote, etapa irten baino lehen, ostegunean, epaimahaiaren iritziz, zulatzea izan ostean, modu desegokian eta arriskutsuan "kotxearen atzetik" ibili baitzen. Halaber, Danny Stam Worxeko zuzendaria lasterketatik kanporatu dute. Lorena Wibes Worx taldeko herbeheretarrak, halaber, Tourra utzi du, urdaileko minagatik.

Etapako sailkapena

1 - NORSGAARD Emma (Movistar) 2:59:16

2 - KOOL Charlotte (DSM) +0:01

3 - KOPECKY Lotte (Worx) d. b.

4 - VOS Marianne (Jumbo) d. b.

5 - PALADIN Soraya (Canyon) d. b.

6 - CONSONNI Chiara (UAE) d. b.

7 - DE WILDE Julie (Fenix) d. b.

8 - LACH Marta (Ceratizit) d. b.

9 - GUAZZINI Vittoria (FDJ) d. b.

10 - SKALNIAK-SOJKA Agnieszka (Canyon) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - KOPECKY Lotte (Worx) 21:54:30

2 - MOOLMAN Ashleigh (AG Insurance) +0:53

3 - VAN VLEUTEN Annemiek +0:55

4 - LONGO BORGHINI Elisa (Lidl) d. b.

5 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) d. b.

6 - KASTELIJN Yara (Fenix) +1:04

7 - VOLLERING Demi (Worx) +1:07

8 - LIPPERT Liane (Movistar) + 1:29

9 - BAUERNFEIND Ricarda +1:42

10 - LABOUS Juliette (DSM) +1:52

12 - SANTESTEBAN Ane (Jayco) +1:56