Espainiako Vuelta
Espainiako Vuelta Euskadin
Patxi Mutiloa: 'Normaltasuna islatzen du honek'
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak "normala" egin nahi du "berez normala dena" 2011ko Espainiako Vueltarekin, Bilbon eta Gasteizen etapa-amaierak izango dituena.
Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak 2011ko Espainiako Vueltak Euskadiko errepideetan izango duen sartu-irtena "ia itxita" dagoela esan du eta negoziazioaren "une teknikoan" daudela gaineratu, ibilbideak zehazteko unean, alegia.
Radio Euskadiko Boulevard programari egindako adierazpenetan, Mutiloak erabaki honek "inolako esannahi politikorik ez duela" esan du. "Honek normaltasuna islatzen du. Normala dena normal egitea da, inolako esannahi politikorik gabe".
Honen harira, gogorarazi du Frantziako Tourreko ekitaldi bat Donostian hasi zela, etapa bat Iruñan amaitu zela, iazko Vuelta Holandatik abiatu zela, eta Tourreko arduradunek lasterketaren hasiera Hong Kongera eramateko asmoa ere badutela.
"Txirrindularitzaren historia eta kirolaren gaur egungo egoera ulertu behar da. Normala da lasterketa beste herrialde batetik hastea eta hortaz, ulergaitza da Espainiako Vuelta euskal errepideetatik pasatzeagatik polemika sortzea", esan du Mutiloak.
Etapa-amaierak Bilbon eta Gasteizen
2011ko Espainiako Vuelta Euskadin lehiatzea nahi du Unipublicek, Vueltako antolaketaren arduradunek, Bilbon eta Gasteizen bi etapa-amaiera jarriz, lasterketaren azken asteko ostiralean eta larunbatean, hurrenez hurren.
"Negoziazioa une teknikoan da, ibilbideak zehazteko lanetan. Vuelta Kantabriatik sartuko da eta etapa horren amaiera Bilbon jarriko da. Larunbatean Gasteizen amaituko da etapa eta ondoren, Madrilerainoko bidaia egingo dute txirrindulariek, igandeko azken etapa Madrilen izango baita, beti bezala", aurreratu du Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariak.
Bilboko eta Gasteizko udalek baiezko erantzuna eman dute. "Unipublicekin eta Bilboko Udalarekin bilera egin behar dugu behin-betiko ibilidea zehazteko, ondoren Gasteizko Udalarekin hitz egingo dugu", adierazi du Patxi Mutiloak.