Itxi

Espainiako Vuelta 2023

17. ETAPA

Michael Woods, garaile Oiz mendiko lainopean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Education First taldeko kanadarra izan da azken igoerako aldapa gogorretan ondoen moldatu dena.

1:03

Michael Woods kanadarrak (Team EF-Drapac) irabazi du asteazken honetan jokatu den Espainiako Itzuliko 17. etapa, berarekin batera zihoazen iheskideak azpiratu ostean. Getxotik atera eta Oiz gainean (Bizkaiko Behatokia) amaitu den jardunaldiak 157 kilometro izan ditu, eta lainopean amaitu da.

Simon Yates britainiarrak (Mitchelton-Scott) elastiko gorriarekin jarraitzen du, nahiz eta Alejandro Valverdek (Movistar) aldea murriztu dion sailkapenean.

Gaurko garaipena profesional gisa lortzen duen bigarrena da Woodsentzat, eta Vueltan lortzen duen lehena. Kanadarrak sufrikario handiz egin die aurre Oiz mendiko aldapen gogortasunari, baina, azkenerako, bigarren eta hirugarren helmugaratu diren Dylan Teuns (BMC) eta David de la Cruz (Team Sky) baino gehiago izan da.

Faboritoen artean, Alejandro Valverdek Movistar taldearen aurpegi gozoa erakutsi du; izan ere, Enric Mas (Quick-Step Floors) mallorkarrarekin batera sartu da helmugan, Simon Yates liderrari 8 segundoko aldea kenduta. Aitzitik, Nairo Quintana taldekideak (Movistar) denbora galdu du, eta asko murriztu zaizkio lasterketa irabazteko aukerak.

Ion Izagirreri (Baharain) dagokionez, postu bat igo du sailkapenean, eta orain zazpigarren da, liderrarengandik 4:09ra.

Ostegun honetan, 18. etapa korrituko dute txirrindulariek, Ejea de los Caballeros eta Lleida artean (186,1 km).