Itxi

Espainiako Vuelta 2023

2018ko edizioa

Viviani nagusitu da azken etapan; Yatesek irabazi du Espainiako Itzulia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Quick-Step taldeko txirrindularia izan da Madrileko helmuga gurutzatzen lehena. Simon Yates dugu ordea, eguneko protagonista, britainiarrak 2018ko Espainiako Itzulia erdietsi baitu.

Viviani izan da nagusi aurtengo edizioaren azken etapako sprintean. 29 urteko txirrindularia Peter Sagani (Bora) eta Giacomo Nizzolo (Trek) italiarrari gailendu zaie, 2 ordu 21 minutu eta 28 segundoko denborarekin eta 42,8 km/orduko batezbestekoarekin.

Simon Yates txapeldun gisa aritu da Cibelesetik barrena bere lehen Vuelta ospatzen eta bere ibilbideko lehen "handia" sinatzen. Mugarri historikoa ere bada, izan ere, aurreneko aldiz, estatu bereko hiru txirrindulari ezberdinek irabazi dituzte "hiru handiak": Giro, Tour eta Vuelta.

Froomek "maglia" arrosa aukeratu du, Geraint Thomasek Pariseko horia eta Yatesek Madrileko gorria. Gauzak horrela, britainiarrek jarraian irabazten duten bosgarren txapelketa handia da. 2012an Bradley Wigginsek Tourra irabazi zuenetik, nagusi dira mundu mailako txapelketetan.

Estatu mailako txirrindularien artean, Enric Mas izan da azpimarragarriena eta tropeleko albisterik oparoena, Alberto Contadorren erretiroaren ondoren eta Mikel Landaren etorkizunaren esperoan.

Andorran bizi den Mallorkako txirrindulariak podiumaren bigarren tokia eskuratu du eta Miguel Angel Lopez "Superman" kolonbiarrak osotu du podiuma -Giroan erdietsi zuen maila bera-.

Gainontzeko garaipenen sariak ere banatu dituzte, eta besteak beste, mendiko txirrindularirik onena Thomas de Gendt (Lotto Soudal) izan da, hots, puntu urdinen maillota eraman duena. Alejandro Valverdek bestalde, erregulartasunaren saria eraman du; Simon Yatesek, berriz, konbinatuarena; lehiakortasunarena, ordea, Jesus Herradak erdietsi du eta taldekakoa, azkenik, Movistarrek.

Bukatzeko, Igor Antonen agurra aipatu beharra daukagu. 14 urtez profesional mailan aritu ondoren, euskaldunak afizioaren txaloak jaso ditu Madrileko kaleetan barrena.