Artea
Nazioarteko eguna
Antzerkiaren aldeko mezua
'Huts Teatro' konpainiak Donostia Saria jaso du Victoria Eugenia antzokian eta Bilbon Darío Fo antzerkigilearen mezua irakurri dute.
Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, hainbat hiri eta herritan ekitaldiak antolatu dituzte. Darío Fo antzerkigileak idatzi du aurten Antzerkiaren Eguneko mezua eta Bilbon egin dute mezu horren irakurketa, Arriaga plazan.
Antzerkiaren Nazioarteko Egunak ez du ospatzeko bakarrik balio, aldarrikapenak egiteko ere erabiliko baitute: krisi ekonomikoak asko kaltetu du sektorea. BEZa %8tik %21era igo dute eta antzokiak eta konpainiak hustu ditu eta gero eta zailagoa zaie agertoki publikoak aurkitzea.
Krisiaren ondorioak latzak izaten ari direla azpimarratu dute, baina egoera horretatik irtetzeko itxaropena dutela esan dute. Haien ustez, aspaldi gertatu bezala, aurki iritsiko da berriz ere antzerkiaren gorakada.
Antzerkiak historian barrena jasan dituen hainbat eraso eta zentsura aipatzen ditu mezuak; Italiako berpizkundeak komedianteak arrastoan sartzeko egin zituen ahaleginak, antzoki guztiak desegitea agindu zuen Kontrarreformaren erabakia, Inozentzio Bigarrena Aita Sainduak Tordinona antzokia desegiteko eman zuen agindua, edota Karlos Borromeo Kardinalak Milango haurrak antzerkitik urruntzeko egin zuen ahalegina.
Bilboko 6 Pabiloian, Galder Perezek eta Lander Otaolak "Vamos a contar mentiras toda la vida" komedia estreinatu dute.
Donostian berriz, Victoria Eugenia antzokian Huts Teatroaren "Publikoari Gorroto" antezlana jarraitu daiteke, lan horrek irabazi baitu aurten Donostiako Antzerki Saria.