Artea
Argazkilaritza
Ametsen mundutik abiatu da Getxophoto
Argazkilaritzak Getxo hartuko du hilabetez Getxophoto erakusketan. "Ametsak" dira aurtengo gaia eta 17 artisten lanak izango dira ikusgai.
Getxophoto argazki jaialdiari hasiera eman diote eta herria argazkiz jantzita dago. Aurtengoa zazpigarren edizioa da eta gizakiok ditugun ametsak oinarri fisikoetan islatzea du helburu aurten. Nazioarteko 17 artistaren lanak biltzen ditu erakusketak.
Christian Caujolle kritiko entzutetsua komisariotzat du jaialdiak. Jarduera nagusiak asteburu honetan zehar egingo dira erakusketa, proiekzio, bisita, eta hausnarketa zein elkarrizketa jardunaldi batekin.
Hegan dauden eraikinak dakartza Laurent Chehere artistak. Berak berritu beharreko eraikinekin egiten du amets.
Surrealismo puntutik eguneroko desioetara. Zeinek ez du gorputz perfektu bat izateko ametsa egin? Urrutiko herrialdeak ezagutzeko nahia ere ametsetara iristen da askotan.
Getxophoto erakusketak, azken batean, gizakion ametsak islatzen ditu oinarri fisikoetan, era askotariko ametsak.
Ereagako pasealekuan, etorkizunera begirako irudiak, errealitatea eta fikzioa baturik, robotak. Getxophoton, ordea, argazkiez gain, tailerrak eta ekintzak izango dira argazkilaritzaz gozatzeko.
Edizio honetako berrikuntza gisa, ostiralean "Itxialdia" egingo da, argazkilaritza gairaikidearen kontsumo moduei buruzko hitzaldi eta elkarrizketentzako hartuaz egun guztia. Itxialdi hau antzinako Fadura garagardotegian izango da.