Itxi

Artea

Erakusketa

Munduko 150 argazki onenak, Gasteizen ikusgai

World Press Photo erakusketa hamaikagarrenez jarri dute Arabako hiriburuan. Aurten, sakeleko telefonoentzat aplikazio bat sortu dute, argazkiak ikusi ahala azalpenak jasotzeko.

1:07

World Press Photo, fotokazetaritzako lehiaketa ospetsuko argazkiak Gasteizen dira. Atal ezberdinetan irabazle izan diren argazkiak dira, 150etik gora.

Hunkitu, haserretu, salatu edo itxaropenari ateak zabaltzen dizkioten argazkiak dira: munduaren erretratua. Montehermoson daude ikusgai, hamaikagarren aldiz.

Argazki atseginak ere badauden arren, World Press Photo munduan zehar ematen diren gerrateetako argazkiengatik da batez ere ezaguna. 2013ko edizio honetan, Gaza eta Siriako irudi ugari daude. Tartean dago aurtengo irabazlea: "Gazako hileta" izenburua du eta Paul Hansen suediarrak ateratako argazkia da: bi eta lau urteko anaien eta bigarren planoan agertzen den aitaren hileta jasotzen du argazkiak. Irudi benetan gogorra, epaimahaiak besteak beste, burura, bihotzera eta urdailera heltzen den argazkia delako aukeratu zuen irabazle. Ahazten ez den argazki horietakoa.

World Press Photo berriro Gasteizera etorri dadin: Periskopio elkarteak udalaren partetik aurten aurrekontu zabalagoa jaso du. Besteak beste, erakusketa astebete gehiagoz luzatzea ekarri du. Azaroaren 13ra arte egongo da ikusgai Montehermoson. Lagungarri izan litekeen berrikuntza batekin gainera: sakeleko telefonoentzat aplikazio bat sortu dute, argazkiak ikusi ahala azalpenak jasotzeko.