Artea
Donostia 2016
Hiru euskal artista Wroclawera joango dira egonaldi artistikoa egiteko
Poloniako hiri hori Donostiarekin batera Europako kultur hiriburua izango baita 2016an eta 15-20 egun egingo dituzte euren proiektua egiteko.
-
Aizpea Goenaga eta Itziar Nogeras. Argazkia: EITB
Uda aldean, hiru euskal artista Wroclaw (Vrotsuaf ahoskatzen da) hirira joango dira, egonaldi artistikoa egiteko. Poloniako hiri hori Donostiarekin batera Europako kultur hiriburua izango baita 2016an.
Hala eman dute gaur jakitera Donostia 2016 Fundazioak eta Etxepare Institutuak. Bi erakundeek elkarrekin garatu duten lehen ekimena da berau.
Artistek 15 edo 20 egun izango dute euren proiektua egiteko Poloniako hiri horretan. Egonaldia, otorduak eta bidaia ordainduta edukiko dituzte, eta horrez gainera, 2.000 euroko lan poltsa egongo da.
Deialdi honetara edozein arte diziplinetako sortzaileak aurkez daitezke: arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak eta ikusentzunezkoak. Egonaldi artistikoaren helburua Wroclaw/Donostia 2016eko Europar Hiriburutzetako ildoekin loturiko proiektu bat lantzea izango da eta hori hartuko dute kontuan proiektuak hautatzerakoan.
Otsailaren 28an amaituko da proeiktuak aurkezteko epea eta deialdian parte hartzeko baldintza eta xehetasunak erakunde bakoitzeko webguneetan aurkituko dituzue.