Artea
Guggenheim
Georges Braquerekin hitzordua, uda honetan Bilboko Guggenheimen
Erredakzioa
Kubismoaren sortzaileetako bat izan zen Braque, "XX. mendeko sortzaile handienetako bat", eta museoak bere lanen atzera begirako erakusketa jarriko du bisitarien eskura ekainaren 13tik aurrera.
Iazko abuztuan, mende erdia bete zen, Georges Braque (1882ko maiatzaren 13a-1963ko abuztuaren 31) hil zenetik, eta Guggenheim Bilbao Museoak artistaren garai guztietako lanen inguruko ibilbidea proposatuko du irailaren 21era arte, 250 artelanetan, fauvismoaren inguruko lehen urratsetatik hasi eta Varengevilleko tailer, txori eta paisaiei buruz egindako azken sailetaraino.
Braque, Picassorekin batera, kubismoaren aitzindari izan zen, eta papiers collés (itsatsitako paperak) teknika asmatu zuen. Garai horretan egindako zenbait maisulan garrantzitsu egongo dira ikusgai Bilbon. Erakusketak, halaber, natura hilei (mahaitxoak eta frutaontziak behin eta berriro jasotzen dituztenak), kaneforei eta gerraosteko billarrei buruzko margolanetan sakontzen du, bai eta bizitzaren amaieran egindako tailer eta txorietan ere, bere ikerketa artistikoak osatzen eta laburbiltzen dituztenak.
"Georges Braque" atzera begirakoak artistak artearen historian bete zuen paper garrantzitsua aldarrikatzea du xede, "sarritan gutxietsi egin baitute". Hasteko, artistari buruz gaur arte Espainiako Estatuan sekula egindako atzera begirako garrantzitsuena eskaini dio Guggenheimek.