Itxi

Artea

Arte plastikoak

Esther Ferrerrek irabazi du 2014ko Velazquez saria

Erredakzioa

Gipuzkoarraren lana goraipatu dute Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak ematen duten sari honen bidez. 2009an, Arte Plastikoen Sari Nazionala ere jaso zuen Ferrerrek.

1:27

Esther Ferrerrek irabazi du Velazquez Arte Plastikoen 2014ko Saria. Jose Maria Lasalle Kulturako estatu-idazkariak iragarri duenez, berarentzat izango da Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ematen duen goraipamena eta horrek berekin dakarren 100.000 euroko saria.

2002an sortu zuten saria, "Iberoamerikako sortzaile plastiko baten lana aintzat hartzeko"; Cervantes sariaren baliokidea izatea da saria sortu zutenen helburua.

Velazquez saria Ramón Gayak, Antoni Tapiesek, Pablo Palazuelok, Antonio Lopezek, Luis Gordillok, Antoni Muntadasek eta Jaume Plensak irabazi dute, baita Juan Soriano mexikarrak, Cildo Meireles brasildarrak, Doris Salcedo kolonbiarrak eta Artur Barrio portugaldar jatorriko brasildarrak ere.

Esther Ferrer performance-engatik da ezagun, eta jarduera horren aitzindaritzat hartzen dute adituek. Mundu zabalean erakutsi ditu bere performance-ak Ferrerrek:Alemania, Italia, Suitza, Belgika, Frantzia, Danimarka, Norvegia, Ingalaterra, Herbehereak, Polonia, Eslovakia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Amerikako Estatu Batuak, Kanada, Mexiko, Kuba, Thailandia, Japonia, Korea…

2009an, Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen Ferrerrek, eta 2012an Gure Artea saria.

Esther Ferrer: “Ez dut nabarmendu nahi”

Esther Ferrerri “ezinegona” sortu dio albisteak, nahiz eta ebazpena onartu duen: “Ez dut nabarmena izan nahi”, esan du.

Ferrrerrek (Donostia 1937) azaldu duenez, sari guztiek ekartzen dizkiote “arazoak eta ezinegona”, beti pentsatzen baitu “zergatik ematen didaten niri, horrenbeste jendek merezimenduak egin eta gero”.

“Hasieran, txarto pasatzen dut, baina gero neurria hartzen diot egoerari. Inon ez nabarmentzen saiatu izan nahi beti, inork ez nazan ikusi. Ez dut inoiz ezer egin oniritzia lortzeko, eta inoiz ez dut laguntzarik eskatu. Kontu ofizialetatik zenbat eta urrunago, hainbat eta hobeto”, azaldu du.

Ekitaldi ofizialek eta, “noski”, sari banaketek “izutu” egiten dute, baina, haren hitzetan, “deitu didanari” –Jose Maria Lasalle Kulturako estatu idazkariari– aintzatespena “onartzen” duela esan dio.

“Oso ondo ulertzen dut bat aukeratu behar dela, eta zuri egokitu dakizula, ‘bien sûre’. Oraingoz, eman egin didate, onartu dut, eta ikusiko dugu…”, esan du duela 20 urte bainio gehiagotatik Parisen bizi den artistak.