Itxi

Artea

Patronatuaren bilera

Louise Bourgeois eta Francis Baconen lana, Guggenheimen 2016an

Agentziak | Erredakzioa

Bisitari kopuruari dagokionez inoizko udarik onena izan eta gero, museoaren patronatuak datorren urteko programazio artistikoa onartu du.

Guggenheim Bilbao Museoko patronatuak datorren urteko programazio artistikoa onartu du bart eginiko bileran. Hirugarren solairua gaur egungo artearen oinarriak erakusteko erreserbatzen jarraituko dute 2016an ere.

Bigarren solairuan, behin-behineko erakusketa nagusiak hartzen dituenean, Louis Bourgeoisen “Zeldak” eskultura bildumaren eta, oro har, bere ibilbide osoaren inguruko erakusketa paratuko dute 2016an, baita Francis Baconi eta margolari irlandar honek frantziar eta espainiar kulturetan izan zuen eraginari buruzko beste bat ere.

Azkenik, lehen solairuan, egungo artearen laginak eta Andy Warholen eta Albert Oehelenen lanaren inguruko erakusketa bana jarriko dituzte. Gainera, Film & Video espazioak Eija-Liisa Ahtila, Sam Taylor-Johnson eta Fiona Tanen bideoinstalazioa bana hartuko du.

Halaber, 2017. urteari begira marrazten ari diren ildoak ere aurreratu dituzte bart eginiko bileran. Horien arabera, Georg Baselitzi buruzko erakusketa bat egingo dute, baita espresionismo abstraktura hurbiltzeko beste bat ere. Royal Academy of Arts Londresko erakundearekin batera.

Bisitak

Aurten, inoizko udarik onena izan du museoak, bisitari kopuruari begiratuta. Abenduaren 13ra arte, 1.059.257 lagun hartu ditu Guggenheimek.