Itxi

Artea

Behin-behineko erakusketa

'Andy Warhol: Itzalak', Guggenheimen otsailaren 26tik aurrera

Agentziak | Erredakzioa

Urriaren 2ra arte egongo da ikusgai pop artearen ikonoaren lana. 102 serigrafia taulak osatzen dute “Itzalak” saila.

  • © 2016, The Andy Warhol Foundation for the Visual Arts, Inc./VEGAP
Foto: Bill Jacobson

    © 2016, The Andy Warhol Foundation for the Visual Arts, Inc./VEGAP Argazkia: Bill Jacobson

Guggenheim Bilbao Museoak Andy Warholen "Itzalak" saila (1977-78) aurkeztuko otsailaren 26tik urriaren 2ra bitartean. Formatu handiko 102 serigrafia taulak osatzen duten artelan itzela da, eta Warholek egindako abstrakzioari buruzko miaketa batzuk adierazten ditu. Horretarako, artistak bere paleta berezia baliatu zuen, bere obraren zati handi batean ezagun egin zen tonu distiratsu eta alaietakoa.

Lucia Agirre komisarioa da Guggenheim Bilbao Museoak ikusgai jarriko duen "Andy Warhol: Itzalak" erakusketaren arduraduna. Erakusketa Dia Art Foundation fundazioak antolatu du, museo bilbotarrak jakinarazi duenez.

Andy Warhol pop artearen ikonoak artelan itzel bati ekin zion 50 urte zituela, "Itzalak" (Shadows) deitutakoa, Factory ospetsuko kideen laguntzarekin.

Serigrafiak dira "Itzalak" saileko taulak. Artelanak dakarren erradikaltasuna ulertzeko, beharrezkoa da ohartzea, lehenik eta behin, zati askotan banatutako pintura bakarra izateko sortu zela, eta haren behin betiko kopurua instalaziorako erabiliko den espazioaren neurrien baitan dagoela, museoaren arduradunek azaldu dutenez.

Mihiseak pintura akrilikoz estali zituzten irudia inprimatu baino lehen, eta Warholen ohiko tonu distiratsu eta alaiak erakusten dituzte. "Itzalak" serieko inprimaketa positibo eta negatiboak txandaka agertzen dira aretoko hormetan. Itxuraz errepikakorra izan arren, Warholen metodo "mekanikoa" erabat eskuzkoa da.