Artea
Asteburuan
Alicia Amatriain dantzaria Donostian, Dantza Hilabetearen bukaeran
Erredakzioa
Larunbatean Jon Vallejok eta Monica Zamorak Dantzaren VIII. Sariak jasoko dituzte. Igandean, Alicia Amatriainen emanaldia izango da, Dantzaren Nazioarteko Egunaren Galan.
Asteburu honetan, Donostiako Dantza Hilabeteari bukaera emateko azken ekitaldiak egingo dituzte. Joan den apirilaren 7tik, hainbat ekintza izan dira Gipuzkoako hiriburuan, eta bertan euskal dantzariak izan ditugu protagonista. Joan den igandean, 9 eta 12 urte bitarteko 1.500 dantzari bildu zituzten pasealekuan, Kontxako barandako barra klasikoko erakustaldian. Asteburu honetan, aldiz, bi izango dira hitzordu nagusiak: Dantza Sariak eta Dantzaren Nazioarteko Egunaren Gala.
Maiatzaren1ean, Jon Vallejo eta Monica Zamora dantzariek Dantzaren VIII. Sariak jasoko dituzte. Dresdeko Opera balleteko kidea da Vallejo, eta aurtengo errebelazio saria jasoko du donostiarrak. Monica Zamora ordiziarraren ibilbidea ere sarituko dute egun horretan. Birmingham Royal Balletean lehen izar izan zen Zamora, eta erretiroa hartua du.
Hurrengo egunean, maiatzaren 2an, Dantzaren Nazioarteko Egunaren Galarekin bukatuko da aurtengo Dantza Hilabetea. Alicia Amatriain dantzari ezaguna izango da bertan izar nagusi, eta Juan Carlos Santamariaren konpainiarekin arituko da.