Itxi

Artea

Komedia eta kabareta

Umorez gainezka dator Aste Nagusia Bilboko Campos Eliseos Antzokira

Erredakzioa

Datozen bi hilabeteotan, Juan Riboren eta Pastora Vegaren 'Una relacion pornografica' eta 'Sexos' (Pepon Nieto, Anabel Alonso eta Adriana Ozores) ikuskizunak izango ditugu bertan, besteak beste.

Komedia, umorea eta kabareta dira protagonistak Bilboko Campos Eliseos Antzokiko udako programazioan. Abuztua eta iraila bitartean, 14 ikuskizun taularatuko dituzte, eta guztira 155 emanaldi izango dira ikusgai. Eszenatokiak, berriz, bi izango dira: Antzokiko Areto Nagusia eta Kupula Aretoa. Azken honek afari-ikuskizunaz gozatzeko aukera eskainiko du, tamaina txikiagoa duen espazio batean.

Izatez udalaren da eraikina, baina SGAEren Arteria sareak kudeatzen du antzokia. Gaur aurkeztu dute arduradunek udako programazioa, eta bertan hainbat izan ezagun aurkituko ditugu: Los Morancos bikotea; Juan Ribo eta Pastora Vega aktoreak, Una relacion pornografica ikuskizunarekin; Pepon Nieto, Anabel Alonso eta Adriana Ozores, Sexos antzezlana taularatzeko; Arturo Fernandez ezaguna eta La montaña Rusa bere azken lana; Maria Galiana eta Berta Ojea aktoreak Fugadas lanarekin; Pedro Reyes umorista edo Pimpinela bikote ezaguna ere.

Areto Nagusia
Abuztuaren 4an ekingo diote udako denboraldiari Areto Nagusian. Pastora Vega eta Juan Ribo aktoreek irekiko dute programa, Una relacion pornografica antzezlanarekin. Abuztuaren 8a arte izango dugu ikusgai.

Jarraian, Los Morancos bikote ezaguna iritsiko zaigu Bilbora. Abuztuaren 13tik 23ra bitartean izango dira Campos Eliseos Antzokian.

Aste Nagusian Sexos antzezlana izango dugu kartel buru, eta Pepon Nieto, Anabel Alonso eta Adriana Ozores ezagunak igoko dira taula gainera.

Irailean Fugadas antzezlana aurkeztuko dute bertan Maria Galianak eta Berta Ojeak. Jarraian Michel Camino piano jotzailearen bisita ere izango dugu Bilbon, EOSekin kontzertua eskaintzeko. Arturo Fernandez edo Pimpinela bikotea dira beste proposamenetako batzuk.

Kupula Aretoa
Tamaina txikiagoa du bigarren areto honek, eta ikuskizunarekin batera afariaz gozatzeko aukera ere eskainiko du. Kabaret emanaldi batekin irekiko ditu ateak, abuztuaren 13a. Irailaren 15a arte Nacho Embiden ikuskizuna taularatuko dute bertan, arratsaldez, gaueaz eta goizaldean. Parodia, dantza, zirkua, antzerkia eta musika uztatzen dituen genero bereziko kabareta eskainiko dute taula gainean hainbat aktore, dantzari, vedette eta stripperrek.

Kabaret ikuskizunaren ondoren, Pedro Reyesek hartuko du bertan lekua, iraila erdialdean.