Itxi

Artea

Gasteiz

Artiumek 15. urteurrena ospatuko du apirilean

eitb.eus

Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak bi erakusketa areto nagusiak berriz irekiko ditu, zaharberritze lanen ondoren. Apirilean zehar, hitzaldiak, lantegiak, kontzertuak… egongo dira.

  • Apirilaren 26an 15 urte beteko ditu museoak. Argazkia: Quintas Fotografos.

    Apirilaren 26an 15 urte beteko ditu museoak. Argazkia: Quintas Fotografos.

Apirila hil berezia izango da Artium museoarentzat, apirilaren 26an hamabosgarren urteurrena ospatuko baitu eta bi erakusketa areto nagusiak berriz zabalduko baititu, zenbait hilabete iraun duen zaharberritze prozesu garrantzitsu baten ondoren.

Hori dela eta, Arabako museoak programa betea antolatu du, hilaren batetik aurrera: Artiumen Adiskideen ehun bat argazki eraikinaren inguruan ikusi ahalko dira egun horretatik aurrera, eta Luma eta Roto taldeen rock kontzertu bikoitza izango da apirilaren 1ean bertan.

Horrez gain, erakusketak, artisten eta komisarioen hitzaldiak, lantegiak, bisita gidatuak eta irakurle klubaren bilerak ere egongo dira hil osoan.

Erakusketak

Lau erakusketa berri zabalduko ditu, halaber, Artiumek. Batetik, Liliana Porter artista argentinarrarena izango da, Europan egiten duen lehendabiziko atzera begirakoa: "Elkarrizketak eta desobeditzeak". Apirilaren 7an inauguratuko da.

Handik bost egunera, apirilaren 12an, "Uztailak 38 – Urriak 37" inauguratuko da Artiumen, Juan Perez Agirregoikoa Parisen bizi den donostiarraren erakusketa. Umorearen eta ironiaren bidez, ideologiari, erlijioari, kapitalismoari, hezkuntzari eta kulturari buruzko begirada zorrotza eskaintzen du Agirregoikoak, museoaren arduradunek azaldu dutenez.

Apirilaren 21ean, ostiralean, Liburuen Nazioarteko Eguna dela eta, "Liburua, kulturaren lekuko" liburu erakusketa zabalduko dute Artiumen. Azkenik, apirilaren 26an, Artiumek irekieraren 15. urteurrena ospatuko duen egunean, "Artea eta (artearen) sistema Artium Bilduman" erakusketa zabalduko da.

Alde batetik, museoaren bildumako artelan nagusiak erakutsi nahi dituzte, eta, bestetik, lan horien inguruko informazio gehigarria emango dute.