Artea
Dantzaren Nazioarteko Eguna
Igor Yebra Bilbora itzuli da, 'Giselle' lana taularatzeko
Erredakzioa
Campos Elíseos Antzokian arituko da asteburuan, eta berarekin batera Oxana Kucheruk Ukrainiako dantzaria eta Lituaniako Nazioarteko Balleteko kideak izango dira taula gainean.
Igor Yebra dantzaria Bilbon da Giselle lan ezagunarekin. Bizkaiko hiriburuko Campos Eliseos Antzokian taularatuko du askorentzat erromantizismo garaiko balletean pieza nagusiena dena. Ostiralean eta larunbatean izango dira hitzorduak, Dantzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez.
Bi emanaldietan Oxana Kucheruk Ukrainiako dantzaria izango du lagun. Yebra bera bezala, Bordeleko Opera Balleteko dantzaria dugu Kucheruk. Lituaniako Ballet Nazionalaren laguntza izango dute Bilboko emanaldietan.
Parisen estreinatu zen Giselle, 1841ean, eta Albrecht dukeak Giselleri egindako iruzurra du hizpide. Téophile Gautier eta Jules-Henri Vernoy egileena da libretoa, eta Adolphe Adamek sinatu zuen musika. Bilbon ikusgai izango den lanaren koreografia Jean Coralli eta Jules Perrot artistena da.
Giselle lanaren Bilboko bi emanaldiak Igor Yebrak Estatuan eskainiko dituen bakarrak izango dira. Izan ere, Estatuan zehar bira egingo du Bilboko dantzariak, baina La bella durmiente lana aurkezteko. Oviedon, Vigon, Coruñan eta Gijonen izango da azken lan hau ikusteko aukera.