Artea
Inaugurazioa
Getariako Balenciaga Museoak ateak ireki ditu
Erredakzioa
Gaurko inaugurazio ofizialaren ostean, etzi getariarrek bisitatu ahal izango dute eta ostiralean zabalduko dizkiote ateak publiko orokorrari.
Cristobal Balenciaga jostunari eskainitako Balenciaga Museoa inauguratu dute, besteak beste, Espainiako erregina bertan zela. Modarekin eta kulturarekin lotutako hainbat erakunderen ordezkariak ere bertan izan dira. Ondoren, ostiraletik aurrera, jende guztiak ikusi ahal izango du.
Ordutik, Europako errege-erreginentzat eta aristokraziarentzat egindako piezen bildumak izango ditugu ikusgai bertan, tartean, Belgikako Fabiola erreginaren ezkontzako soinekoa, Grace Kellyren jantzi batzuk eta kultura eta politika alorretako hainbat pertsona ezagunentzat zein aberats handientzat egindakoak.
Museoa sei espaziotan banatuta dago (''Hasierak'', ''Eguna'', ''Koktel'', ''Gaua'', ''Ezkongaiak'' eta ''Oinarrizko Balenciaga'') eta Gipuzkoako egilearen ibilbideari errepasoa egiten diote bertan, haren lanak erakutsiz. Gehienez urtebete izango dira ikusgai, ondo kontserbatzeko, baina erakusketen diskurtsoa beti izango da bera.
Bi bolumen daude Balenciaga Museo berrian: Aldamar Jauregi historikoa (XIX. mendeko eraikina, Torres etxeko markesek udako bizitokitzat erabilitakoa) eta AV62 Bartzelonako arkitektura-estudioak egindako kristalezko eraikin berri bat.
Proiektuak 30 milioi euroko aurrekontua izan du (obren lehen eta bigarren faseetako gastuak eta orain arte abian jarritako ekimenak ordaintzeko), eta honela egin diete aurre gastu horiei: Espainiako Kultura Ministerioak aurrekontuaren % 30 jarri du, Eusko Jaurlaritzak horren % 35 hartu du bere gain, eta gainerako % 35a Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du.