Artea
'Sesame Street' bitxia
'Avenue Q' musikala, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian
Erredakzioa
Taula gainean aktoreak eta panpinak izango dira, arrazakeria, langabezia, pornografia eta gisa horretako gaiak jorratzeko. Igandera arte izango da ikusgai.
Avenue Q musikala Donostian da, Victoria Eugenia Antzokian. ''''Sesame Street'''' saio ezagunari omenaldi berezia egiten dio musikalak, eta aktoreak eta panpinak biltzen ditu taula gainean. Hori bai, helduentzako gaiak lantzen dituzte pertsonaiek. Izan ere, inozentzia galtzeko prozesuaren inguruko parabola da musikala, eta arrazakeria, langabezia, pornografia eta gisa horretako gaiak jorratzen ditu. Igandera arte taularatuko dute helduentzako ikuskizuna.
Broadwayn estreinatu zuten musikala, 2003an; eta, oraindik taula da New Yorkeko auzoan. 2004an hiru Tony sari eskuratu zituen: musikal onenaren saria, libreto onenaren saria eta musika onenaren saria. Askoren ustez, musikalak lantzeko aro berria zabaldu zuen lan honek, eta Broadwayn asko dira Avenue Q lanaren ildoei jarraitzen dioten musikalak.
Hezur-haragizko pertsonaiak panpinekin uztartzen ditu, gaur eguneko istorio bat kontatzeko. Egungo arazoei aurre egin behar dion jende arruntaren istorioa lantzen du, gidoi ganberro bati jarraituz.
''Broadway''n, Las Vegasen eta AEBetako beste hainbat hiritan antzeztu dute, eta Londresen, Suitzan, Filipinetan, Israelen, Mexikon, Errusian, Frantzian, Australian, Zeelanda Berrian, Brasilen, Turkian, Italian eta Argentinan ere taularatu dute.
Yllana antzerki taldeak zuzendu du espainiar moldaketa, eta denboraldia amaitu berri dute Madrilen. Guztira 250 emanaldi eskaini dituzte bertan, eta 80.000 ikusle bildu dituzte. Orain Donostian ditugu ''''Broadwayko eta Londreseko auzorik famatueneko pertsonaia guztiak''''.