Itxi

Artea

Bolak

Anish Kapoorren eskultura, Guggenheim museotik tailerrera

Erredakzioa

Museoak ekainean erosi zuen 'Zuhaitz handia eta begia' artelana. Altzairu herdoilgaitzezko 80 esferek osatzen dute, eta hainbat tratamendu egingo dizkiote, esferen kontserbazioa bermatzeko.

00:36
Kapoorren 'bolak' desmuntatu dituzte
Anish Kapoor artistaren 'Zuhaitz handia eta begia' eskulturak Bilboko Guggenheim Museoa utziko du, artelanaren kontserbazioa bermatzeko helburua duen tratamendua jasotzeko.

Londresen bizi den Indiako artistak artelana osatzen duten altzairu herdoilgaitzezko 80 esferen kontserbazioa bermatuko duen tratamendua egingo dio artelanari. 2010etik, Guggenheim Bilbao Museoko urmael batean instalatuta egon da lana, eta joan den ekainean 3.500.000 euroan erosi zuen eskultura Bilboko museoak.

Artelanak jasaten dituen ingurumen baldintzek eragin dute tratamenduaren beharra, eta, berau burutzeko, artelana desmuntatzen ari dira egunotan Bilbon. Museoak jakinarazi duenez, eskulturaren oinarria ere aldatuko dute, etorkizunean eskultura berriz bertan jarri ahal izateko. Tratamenduaren ondoren, urrian muntatuko dute berriz artelana museoan.

80ko hamarkadan egin zen mundu mailan ezagun Anish Kapoor (Bombay, 1954). 1990ean Erresuma Batua ordezkatu zuen Veneziako Bienalean, eta artista gazte onenaren Duemila saria eman zioten.Hurrengo urtean Turner saria eskuratu zuen. Bereziki espazio publikoetarako sortutako artelanek egin dute ezagun, eta horietako batzuk ikusgai izan dira berriki Guggenheim Bilbao museoan.