Artea
Bekak
Komisario Berriak, artearen profesional berriak sortu eta sendotzeko ekimena
eitb.eus
Hiru beka jarriko dituzte abian, Tabakaleran, Azkuna Zentroan eta Artiumen, Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzaz.
-
Bingen Zupiria, parte hartzen duten zentroetako ordezkariek inguratuta
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Azkuna Zentroak eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak indarrak batu dituzte Komisario Berriak 2020 antolatzeko.
Proiektuaren aurkezpenean azaldu dutenez, ekimen honen helburua da komisarioaren praktika garatzea eta artearen munduko profesional berriak sortzea eta sendotzea, eta, bide horretan, gaurtik aurrera izena ematen duten hautagaiek hiru beka izango dituzte eskura, zentro laguntzaile bakoitzeko bana.
Bingen Zupiria Kultura sailburuak azaldu duenez, ekimen honen bidez lau helburu lortu nahi dituzte: "Lehenik eta behin, komisarioen belaunaldi berri bat bultzatu, Europako profesionalen artean ezagutzaren trukea sustatu, artista berriak Europako arte zirkuluetan sartu eta lankidetza sareak sortu tokiko erakundeen artean".
Deialdia komisariotzaren arloari lotutako ibilbidea duten pertsona fisikoei zuzenduta dago: historialariak, artistak, komisarioak eta ikerketaren arloko beste profesional batzuk. Hautagaiak zentroetako bat aukeratu beharko du bere proiektua aurkezteko.
Proiektu bakoitzera 10.000 euro bideratuko dira, eta eskabideak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 10era arte egongo da zabalik.
Zentro bakoitzak, arlo bat
Tabakalerak Komisario Berriak 2020rako egindako proposamena formatu digitalean oinarritzen da. “Eremu digitalerako online erakusketak, mikroguneak, esku-hartzeak, argitalpenak edo arte-sorkuntza digital berriak garatuko dituzten proiektu kuratorialak bilatzen ditu”, azaldu du Clara Monterok.
Azkuna Zentroak kultura-kuradoretzaren aldeko apustua egin du, eremu zabal bat hartuz: erakusketaren espazioa eta denbora inplikatuko dituen komisariotza jarri nahi dute abian, baina, aldi berean, horiek gainditzeko gai izango dena.
Azkenik, Betariz Herraezek azaldu duenez, Artium Museoaren proposamenaren xedea hau da: “Komisariotzaren dimentsio historiko eta narratiboaren garrantzia biltzen duten praktika kuratorialak ikertzea eta garatzea; Euskadin praktika artistikoen testuingurua garatzeko garrantzitsuak izan diren azterlan espezifikoen kasuak, artisten ibilbideak, testuak, erakusketak, espazioak eta bestelako ekimenak”.
Komisario Berriak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen, eta lehen ediziotik Tabakaleraren, Azkuna Zentroaren, Artiumen eta Montehermosoren (Gasteiz) laguntza izan zuen.