Itxi

Artea

Zabaltze lanak

BBK Museoa guneak bi erakusketa hartuko ditu urtean Bilboko Arte Ederren Museoan

N. V. | EITB Media

Museoa zabaltzeko proiektuan, Foster eta Uriarte arkitektoek 2.000 metro koadroko espazioa prestatu dute, "museotik hurbilen dagoen komunitateari zuzendutako asmo handiko arte programa" izango duena

  • "Agravitas" Bilboko Arte Ederren museoa zabaltzeko lanen proiektuko irudi bat

    "Agravitas" Bilboko Arte Ederren museoa zabaltzeko lanen proiektuko irudi bat

Udazkenean hasiko dira Bilboko Arte Ederren Museoa berritzeko lanak, eta, apurka-apurka, bagoaz Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoen proiektuari buruzko gauza gehiago jakiten.

Gaur, BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoak hurrengo hamabost urteetarako sinatu duten itun estrategikoaren aurkezpen ekitaldian, iragarri dute, esaterako, BBK Museoa gune berria eraikiko dutela museoan eta espazio horrek urtean bi erakusketa handi hartuko dituela, 1.500 metro koadroko aretoan eta, Fosterrek berak gaurko ekitaldian esan duenez, hori osatuko duen 700 metro koadroko aire zabaleko terrazan.

Espazio horrek "finantzaketa buruaskia" izatea nahi dute arduradunek, BBK-k urtero egindako milioi bat euroko ekarpenarekin, programaren garapenak sortutako diru sarrerekin eta beste laguntzaile nahiz babesle batzuen balizko ekarpenekin.

Erakusketa areto zabalaz gain, hezkuntza eta zabalkunde jardueretarako gelak izango ditu inguruan, idi begi baten bitartez lotuta.

Museoaren arduradunek esan dutenez, BBK Aretoa egungo arkitekturaren gainean proiektatuko da, "gure lurraldeko gune kultural ikoniko bihurtzea du helburu eta museotik hurbilen dagoen komunitateari zuzendutako asmo handiko arte programa izango du, aldi berean nazioarteko bisitariei zabaldua".