Itxi

Artea

Erakusketa

Norman Fosterrek aukeratutako 38 ibilgailu, Guggenheimen ikusgai

N. V. | EITB Media

Britainiar arkitektoa da "Motion. Autos, Art, Architecture" irailaren 18ra arte Bilboko museoan ikusgai egongo den erakusketaren komisarioa.

1:24
Norman Foster. Argazkia: EFE.

Guggenheim Bilbao Museoak "edertasuna, berrikuntza, emozioa eta artea uztartzen duten" 38 automobil mitiko batu ditu "Motion Autos, Art, Architecture" erakusketan.

Norman Foster britainiar arkitekto ospetsua, autozale handia, da erakusketaren komisarioa, eta eraikinaren bigarren solairuan ikusgai egongo diren 38 ibilgailuetako 11 berak laga ditu erakusketan jartzeko. Fosterrek aitortu du "aukeraketa erabat subjektiboa" egin duela, "oso-oso pertsonala".

Automobilen historiaren zaleek auto mitikoak ikusi ahalko dituzte, horiek sortu ziren garaietako 300 artelanekin batera: Rolls Royce 40/50 Alpine Eagle bat (1914), Bugatti Type 35 bat (1924), Cadillac El Dorado bat (1959), Ford Mustang PRJCT 50 bat (1965)…

Fosterrek zazpi aretotan banatu du erakusketa: "Beginnings"en, automobilen hastapenak erakusten dira; "Sculpture" izenekoak diseinu eder eta zainduenei begiratzen die; kotxe xumeenei, utilitarioei, eskainitako bat dago; lasterketetako autoak biltzen dituena ere; eta "ameslarien" ikuspenak jasotzen dituen gela.  

Azkenik, joan den mendeko 30eko eta 60ko hamarkadetan "amerikar ametsa" ordezkatu zuten ibilgailuak hartzen dituen aretoa dago, baita, hainbat diseinuren eskolaren bidez, autoen etorkizuna irudikatzen saiatzen den gela ere.