Itxi

Bertsolaritza

Txapelketa Nagusia 2013

Finala, abenduaren 15ean, BECen

EITB.COM

Bertsolari Txapelketa Nagusia irailaren 29an abiatuko da, Villabona-Amasan, eta abenduaren 15ean bukatuko da, BECen aurten ere. Egun horretarako, 14.000 lagunentzat egokituko dute Bizkaia Arena.

  • Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009. Argazkia: Alberto Elosegi (Xenpelar Dokumentazio Zentroa)

    Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009. Argazkia: Alberto Elosegi (Xenpelar Dokumentazio Zentroa)

Irailaren 29an ekingo diote Bertsolari Txapelketa Nagusiari, Villabona-Amasan (Gipuzkoa). Abenduaren 15ean, izango da final handia Barakaldon, BECen (Bizkaia), eta parte hartuko duten 43 bertsolarietatik zazpi sailkatuko dira finalera, 2009ko txapelketako irabazle Maialen Lujanbioz gain.

Duela lau urteko finalistek ez dituzte kanporaketak jokatuko. Maialen Lujanbio irabazlea zuzenean pasatuko da aurtengo finalera, eta gainerakoak finalaurrekoetan lehiatuko dira. 43 parte-hartzaileen artean, 2 arabar, 11 bizkaitar, 21 gipuzkoar, 4 nafar eta 5 lapurtar, baxenabartar eta zuberotar egongo dira.

Protagonistak bertsolariak diren arren, eskarmentu handiko lan-talde zabal batek hilabeteak daramatza, txapelketa prestatzen; gai-jartzaileak, epaileak, Bertsozale Elkarteko profesionalak eta borondatez lan egiten duten dozenaka bertsozale. 16 lagun arituko dira epaile lanetan, jada ezarrita dituzte epai-irizpideak oinarri hartuta.

14.000 lagunentzat egokituko da Bizkaia Arena

Egun horretarako, 14.000 lagunentzat egokituko dute Bizkaia Arena. Dena den, Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak Txapelketa Nagusiaren aurkezpenean esan zuen moduan, abenduaren 15ean Barakaldon, BECen, bildu daitezkeen 14.000 lagunen kopuru horrek oso garrantzi erlatiboa du: "Ez goaz zenbakiei begiratzera. Urtean mila saiotik gora egin ohi dira, eta horko denak gogoan hartuta joko dugu txalo BECen. Bertsoa da bertsolaritzaren oinarria, hori da Txapelketa Nagusiaren sekretua”.

Azken finean, egunez egun bertsoa herriz herri, plazaz plaza, eskolaz eskola ibiltzen da Euskal Herriko bazter guztietan. Mugimendu zabala eta dinamikoa da bertsolaritzarena, jende asko dago lan horretan inplikatuta. Eta Txapelketa Nagusia etengabeko jarduera horren isla da.

BECera hurbilduko direnetzat kontuan izateko zenbait ohar

Sarrerak

-Ez dira zenbakituak.
-Goizeko saioa amaituta, Bizkaia Arena hustu egingo da.

Autobusak

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, finalera autobusez joateko aukera ematen du. Abiapuntua edozein izanda ere, 13 euro balio ditu autobus txartelak. Hamabost linea antolatu dira guztira.
-www.bertsozale.com atarian kontsultatu abiapuntu guztiak
-www.bertsosarrerak.eu edo herrietako ohiko salmenta puntuetan autobus txartelak erostekko aukera izango da.

Bazkaria

Bizkaia Arenatik berrogeita hamar metrora izango da bazkaltzeko lekua.  Bertan, bi aukera egongo dira:
-Mahaiak eta aulkiak izango dira etxetik eramandakoak jan ahal izateko.
-Prestatutako bazkaria izango da, 20 eurotan.