Bertsolaritza
Elkarrizketa
Maialen Lujanbio: 'Aurtengo finala ere disfrutatu egin nahi dut'
A.A.
2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan izan da, eta datorren abenduaren 15eko finalari buruz hitz egin du.
-
Maialen Lujanbio bertsolaria.
Maialen Lujanbio 2009ko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko irabazlea Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan da, eta datorren abenduaren 15eko finalari buruz aritu da. "Lehiaketa lehiaketa da, eta ez naiz naifegi jarriko, baina irudikatu nahiko nuke aurrekoaren tankerako, batez ere nire aldartez. Lasai, tentsio puntua noski, horri ezin zaio ihes egin, baina gozatzeko aldarte horrekin. Horrela egoteko suertea izan nuen aurrrekoan, ez dakit aurten nola izango den, baina egunaren kontziente izan nahi dut", azaldu du Lujanbiok.
Txapelketaren oihartzuna handitu egin da. 2009an, BECen 15.000 lagun inguru bildu ziren. Lujanbioren ustez, hala ere, "helburua ez da hainbeste BECeko gailurra zabaltzea, gurea mendi horren oinarria zabaltzea da, eta bi lan horietan aldi berean dihardugu. Oinarria delako oso zabala, gero eta zabalagoa, eta sendoagoa, eta gailurra gero eta zabalagoa", Hori dela eta, "bertsolarion lehentasuna oinarri sendoa eta zabala izatea da. Horrek ahalbidetuko duelako ere lau urtez behin gailur hori oihartzun handikoa, zabala eta garrantzitsua izatea euskalgintzan eta abar". Hala eta guztiz ere, "azken urteetako zabalkunde hau ez da berez gertatzen den gauza, urte askotako lanaren ondorioa da eta herriz herri egindako lan batena, bertso-eskolena...", esan du.
Txapelak badu leku sinboliko bat, Lujanbioren esanetan: "Azkenean, bertsolaritza arloan txapeldunak badu erantzukizun bat. Zama? Nik ez dut gauza astuna bezala bizitu izan, gehiago zorte bezala eta ohore bezala". Hala ere, "azken lau urteetan ez da nire bizimodua eta bertso jarduna batere aldatu. Urte dezente bada horretarako eta horretan nenbilela, eta nik uste gure belaunaldia oro har plazaz plazako bertsogintzan oso murgilduta dagoela eta bertsolaritzaren gurdiari tiraka ari ginela", argitu du.
Aurtengo txapelketari buruz, Lujanbioren aburuz, "bertso maila ona izan da, eta, seguru asko, lehenengo kanporaketak dira zailenak eta deserosoenak, berotzea eta arrankatzea kostatzen delako". "Nik pentsatzen dut ez dela erraza lehenengo kanporaketan bete-betean asmatzea, eta badutela meritua hor ari direnek", esan du.
Garai honetan sarri galdetzen omen diote Lujanbiori txapelketa nola prestatzen duen, baina zaila dela esaten esan du: "Nire kasuan behintzat, ni ez naiz batere pertsona metodikoa, eta ez daukat batere zehazki analizatua nola egin litekeen prestaketa bat. Bertso mundua oso gauza intuitiboa da, eta bakoitzak bere intuizioaren arabera eta bere boladakako ahulguneen eta indarguneen arabera prestatzen du. Ia ezin esanekoa da nola prestatzen dugun".
"Ez dut uste ezer faltako denik, beste bertsolari batzuk izango dira. Baina, beno, uste dut oso naturala dela belaunaldi errelebo hau. Eta Andonik oso natural egin du", esan du, Andoni Egañak aurten parte hartuko ez duela eta, horretaz galdetuta.