Bertsolaritza
Bertso finala 2013
Zortzi finalistak, egunaz gozatzeko eta saio ona egiteko helburuarekin
Eider Garaikoetxea | eitb.com
Abenduaren 15ean BECen egingo den finalerako prest daude Lujanbio, Mendiluze, Sarriegi, Arzallus, Gaztelumendi, Elortza, Colina eta Iturriaga, aurkezpenean adierazi dutenez.
"Egunaren gozamena eta sorkuntzaren estuasuna konbinatzea eta bat egiten jakitea", hori da Maialen Lujanbio egungo txapeldunak BECen abenduaren 15ean izango den final handiaren harira duen helburua. Asmo horrekin bat egin dute gainerako zazpi bertsolariek gaur finalaren nondik norakoak azaltzeko egin den prentsaurrekoan.
Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga nor baino nor arituko dira 13.500 bertsozaleen aurrean.
BECeko ateak 09:00etan zabalduko dira, finala 11:00etan hasiko ez bada ere. Goizeko saioaren eta bazkalorduaren ostetik, 16:00etan berrekingo zaio ikuskizunari eta 20:30-21:00 aldera jakingo da 20013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren txapelduna nor izango den. Hain justu, Joanito Dorronsoro apaiz eta bertso irakasle ataundarrak jantziko dio txapela irabazleari. Dorronsorok urte hauetan guztietan egindako "lan etengabe eta isila" eskertu nahi izan dio, horrenbestez, Bertsozale elkarteak.
Iturriaga eta Gaztelumendi, finaleko 'zaharrena' eta 'gazteena'
Zortzi finalistek egunaz gozatzeko asmoa dutela azpimarratu dute, baina Maialen Lujanbio egungo txapeldunak gogorarazi duenez, "egunaz gozatzeko saio ona egin behar da, bestela zaila da gozatzea". Hala, haren hitzetan, "egunaren gozamena eta sorkuntzaren estuasuna konbinatzea edo bat egiten jakitea" izango da koska.
Unai Iturriagak, bere aldetik, bitxikeria polita partekatu du prentsaurrekoan. Azaldu duenez, orain 20 urte sailkatu zen lehen aldiz finalean, eta orduan bertsolari gazteena zen: "2013an zaharrena naiz", esan du barrezka. Hain justu, 2013ko finalista gazteenak, Beñat Gaztelumendik, "harro" dagoela azpimarratu du.
Egitekoak
Zortzi finalistek 25na bertso kantatu beharko dituzte, puntuka, eta buruz burukora heltzen direnen bi bertsolariek, beste 10.